BILBO, 30 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak 'Feminismoa eta Berdintasuna' hiztegia aurkeztu dute astelehen honetan, Bilbon. Feminismoaren eta berdintasunaren oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptuak modu zehatzean eskaintzen ditu hiztegiak.
Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeak onartutako hiztegia da, adituak diren emakumeekin eta euskarazko terminologia alorreko profesionalekin egindako elkarlanaren emaitza, hain zuzen.
Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izan dira Euskadiko Artxibo Historikoan egin den aurkezpen agerraldian. Beraiekin batera izan dira hiztegiaren lanketaren prozesu desberdinetan parte hartu duten Itziar Diez de Ultzurrun eta Lorea Agirre.
'Feminismoa eta Berdintasuna' hiztegia elkarlanean landu dute Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Emakundek. Feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptuak eta definizioak modu zehatzean eskaintzen ditu. "Indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen kontzeptuak dira, baina baita gizarte mugimenduetatik sortutakoak eta nazioartean erabilitakoak ere", azaldu dute.
Euskararen terminologia gaurkotzeko, finkatzeko eta normalizatzeko bidean, "gure gizarte osoarentzat hain garrantzitsua den pertsonen arteko harremanetan oso beharrezkoak diren kontzeptuak eta terminoak euskaraz finkatzen ditu".
Dobaranek adierazi du hiztegia "behar beharrezkoa" dela une honetan, "feminismoaren eta berdintasunaren alorraren oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptu eta definizioak eskaintzen dizkigulako eta gure gizartearen garapenenerako eta sexuen arteko berdintasun kultura sustatzen laguntzeko tresna delako".
Gaineratu duenez, "euskara berritzen eta modernizatzen doa egunetik egunera eta normalizazioaren bidean urrats sendoak emateko alor guztietako terminologia zehaztea ezinbestekoa da, euskararen aberastasun lexikoa elikatzea, zaintzea eta sustatzea".
Bestalde, Landaidak nabarmendu du hiztegia dela "elkarlanean oinarritzen den egiteko modu baten isla", elkarlana Jaurlaritzako sail ezberdinen artean eta gizarteko eragileekin, hain zuzen. "Aliantzak behar ditugu. Euskarak behar ditu eta berdintasunak", gaineratu du.
Emakundeko zuzendariak bereziki eskertu du hiztegia lantzeko lehen fasean parte hartu zuten adituen ekarpena, beraiek egin zutelako hiztegiaren oinarrizko planteamendua.
LANKETA PROZESUA
Hiztegia Elhuyar Fundazioak egin du Emakunderen eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren enkarguz, eta emakume aditu talde batekin lan egin du. Ondoren, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak berariaz sortutako batzorde tekniko batek aztertu du.
Azkenik, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeko kideen eztabaida eta gogoeten ondoren, adostasuna lortu eta onespena eman zaio hiztegiari. Lan prozesuaren helburua izan da euskarazko terminologia lanaren kalitatea bermatzea.
'Feminismoa eta Berdintasuna' hiztegia Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoan txertatuta dago eta bertan kontsulta daiteke. Gainera, Euskaltermen interfazetik hiztegiaren PDF bertsiora iritsi daiteke.