Actualizado 2016/07/19 14:18:10 +00:00 CET

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu dute

Azpeitian egindako agerraldia
UEMA

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu dute astearte honetan Azpeitian (Gipuzkoa) UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabank-ek eta 30 udalerri euskaldunetako alkateek. UEMAko irizpideekin bat egin, eta herri horietan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute aipaturiko bi finantza erakundeek.

Esan bezala, Azpeitian egin dute sinadura ekitaldia eta agerraldia, eta UEMAko lehendakari Josu Labaka, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Laboral Kutxako Komunikazio eta Publizitate saileko zuzendari Marije Etxaniz eta Kutxabank-eko Txikikazko Negozioaren zuzendari nagusiaren ondoko Eduardo Ruiz de Gordejuela aritu dira hizlari.

Zehazki, Laboral Kutxarekin eta UEMArekin Berak, Etxarri-Aranatzek eta Leitzak sinatu dute hitzarmena; Kutxabank-ekin eta UEMArekin,
Otxandiok, Atxondok, Aulestik, Berriatuak, Busturiak, Dimak, Eak, Alegiak, Anoetak, Elgetak, Legorretak, Segurak, Zaldibiak, Zestoak, Amezketak, Berastegik eta Lizartzak; eta Laboral Kutxarekin, Kutxabank-ekin eta UEMArekin, Aramaiok, Lekeitiok, Ondarroak, Markina-Xemeinek, Bermeok, Bergarak, Azpeitiak, Antzuolak, Debak, Getariak, Mutrikuk, Oiartzunek, Oñatik, Oriok, Usurbilek, Zarautzek, Zumaiak eta Tolosak.

Hitzarmenaren atarian hizkuntza politikari dagozkion oinarrizko kontuak nabarmendu dituzte alde guztiek. Alde batetik, azpimarratu dute kalitatearen osagai "funtsezkoa" dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea eta, bestetik, bi hizkuntza ofizialen artean desorekan dagoen hizkuntza ahula euskara dela eta, beraz, bultzatzeko neurriak hartzen dituztela, "euskara zabaldu eta sendotzeko asmoz, bezeroek euskaraz ahoz eta idatzi jarduteko duten eskubidea modu argi eta garbian aitortuz".

Horretarako, besteak beste, elkarren arteko harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, euskaraz izango direla eta horretarako beharrezko diren baliabideak jarriko dituztela hitzartu dute UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabank-ek eta 30 udalerri euskaldunetako alkateek. Halaber, Kutxabank eta Laboral Kutxa finantza erakundeek udalerri euskaldunetako beraien bulegoetan bezeroekin dituzten harremanetan euskararen presentzia bermatuko dutela hitz eman dute.

Helburu hori betetzeko, besteak beste, bulego hauetako langileak lan mota guztietan euskaraz jarduteko gai izango direla ziurtatuko dute, eta helburu honetara bideratuko dira, bereziki, etengabeko trebakuntza eta laguntzarako tresna informatikoak. Era berean, bulego hauetan eskaintzen dituzten zerbitzu guztietarako kontratatzen diren langile berriak, finko zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira.

Halaber, bezeroari ahoz lehen hitza euskaraz egingo zaio, eta posta elektronikoz bidalitako informazioa ere euskaraz edo elebietan bidaliko zaio. Elebietan bidaliz gero, euskarak lehentasuna izango du. Produktu berri bat kontratatzera datorren bezeroari ere eskaintza euskaraz egingo zaio, eta eragiketen euskarri diren dokumentuak euskara hutsean eskainiko dituzte, edo elebietan, horrela eskatuz gero.

TXARTELAK

Gainera, bezeroentzako zordunketa eta kreditu txartelak, nahiz bestelako txartel guztiak, euskaraz sortuko dira, kontrakoa eskatzen dutenei izan ezik, eta urtean zehar ematen diren zerbitzu bereziak -errenta aitorpenaren kanpaina, esaterako- euskaraz izan daitezen, beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira langileen zein herritarren eskura.

Finantza erakundeek, kanpainen bidez, haien zerbitzuak euskaraz erabiltzeko deia egingo diete bezeroei, eta horretarako, urtero sustapen lana egingo dute. Kutxazain automatikoen pantailetan azaltzen den sarrerako mezu sorta ere euskaraz izango da.

Halaber, hitzarmena sinatu duten udalerrietako kartelen %75 gutxienez euskaraz jarriko dira, bai barrura bai kanpoaldera begira, eta bulegoek bestelako argitalpenetan egiten duten publizitatea (aldizkari, jai egitarau eta antzekoetan) euskaraz jarriko da, betiere euskararen kalitatea zainduz. Esku orriak elebitan egongo dira, euskarari lehentasuna emanda.

Bulegoetan bertan idatzitako dokumentuak ere euskaraz egongo dira bezeroak berariaz kontrakoa ez badio, eta 30 urtetatik beherako bezeroei komunikazioak euskara hutsean bidaltzen hasiko dira, eta kontrakoa adierazten dutenei elebietan, euskarari lehentasuna emanez, orain arte bezala. Prozedura hau txertatu egingo da bezero berriak hartzeko protokoloan.

Hitzarmena bost urterako sinatu dute, eta epe hori beste bost urtez luzatuko da, aldeetakoren batek hitzarmena bertan behera uzteko borondatea azaltzen ez badute. Hitzarmena eraginkorra izan dadin, berriz, sinatzaileek jarraipen batzordea sortuko dute, zehaztutako helburuak lortu eta emaitzak aztertzeko.

Lo más leído

  1. 1

    El primer agujero negro captado en imagen se tambalea

  2. 2

    Netanyahu lleva maletas con ropa sucia a la Casa Blanca por la lavandería gratis, según 'The Washington Post'

  3. 3

    COMUNICADO: Llega a España la primera tecnología ecológica que elimina el virus SARS-cov-2 en un 99,99%

  4. 4

    Educación eliminará el requisito del máster para dar clases durante la pandemia

  5. 5

    Fuenlabrada, Alcorcón, Madrid y Torrejón de Ardoz, los municipios con mayor incidencia en los últimos 7 días