Arabako bost eragile aitortu dituzte euskara lan munduan sustatzeagatik 2026ko Lazarraga Sarietan

2026Ko Lazarraga Sariak Banatu Dituzte
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 12 noviembre 2026 15:57

GASTEIZ 12 (EUROPA PRESS)

Garagart, Azala Kreazio Espazioa, Lizarralde Soinua, I+MED eta Iraitz Perez de Goldarazena aitortu dituzte 2026. urteko Lazarraga Sarietan, Arabako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko egindako lanagatik.

Bai Euskarari Elkarteak antolatzen ditu sariak, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin eta Lanabes egitasmoaren testuinguruan, lurraldeko lan munduan hizkuntzaren normalizazioan aitzindari direnak txalotzeko helburuarekin.

Gasteizko Artium Museoan egin da ostegun honetan 2026ko Lazarraga Sarien sari banaketa ekitaldia, eta bederatzigarren edizio honetan, euskara euren eguneroko jardunean, bezeroekiko harremanetan zein barne prozesuetan integratzeko urratsak eman dituzten bost enpresa, entitate eta norbanako arabar saritu dira.

Sari banaketa ekitaldian egon dira, besteak beste, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua eta Haizea Muñoa Bai Euskarari Elkarteko ordezkaria, eta guztien artean banatu dizkiete garaikurrak aurtengo bost irabazleei.

Garagart artisau garagardoen proiektu gasteiztarra da eta hasieratik definitu du euskara nortasunaren marka gisa, ekoizpenaren eta bezeroekiko harremanaren erdigunean jarriz. 2024tik Bai Euskarari Ziurtagiria dute 'Zerbitzua Euskaraz' mailan, eta 2025etik lantegi propioa dute Gasteizen.

Azala Kreazio Espazioa Lasierran kokatutako guneak sorkuntza garaikidea eta landetxea uztartzen ditu, gorputz adierazpena, artea eta pentsamendua batuz. Hasieratik euskara lanabes nagusi gisa erabili du, eta 2018tik 'Euskararen bidean' mailako Bai Euskarari Ziurtagiria du.

Lizarralde Soinua Txalaparta zuzeneko emanaldiak eta kultur ekimenak ahalbidetzen dituen soinu enpresa da, eta 2005ean eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria. Iaztik, maila gorena aitortzen dien egiaztagiria lortu du hiru langilek osatutako lantaldeak ('Zerbitzua eta Lana euskaraz').

I+MED balio erantsi handiko farmazia eta osasun produktuak ikertu, garatu eta merkaturatzen dituen kooperatiba da, eta "sektore teknologiko eta zientifikoan euskaraz bikaintasunez jardutea posible" dela erakutsi du. 2025ean Harrobi diploma eskuratu zuen.

NORBANAKOEN SARIA

Azkenik, Lazarraga Sarien aurtengo edizioak norbanakoen saria berreskuratu du eta Iraitz Perez de Goldarazena Oreka ITko zuzendari nagusiari eman dio bere ibilbide profesionalean euskarari emandako lehentasunagatik eta hizkuntzaren erabilera modu eredugarrian sustatzeagatik.

Enpresa txiki batetik abiatu eta kudeaketa integraleko eredu bat garatu du Perez de Goldarazek, Kataluniaraino zabalduz, Lanabes zein Indeus bezalako proiektuetan modu aktiboan parte hartzeaz gain.

Ekitaldia bukartzeko, antolatzaileek aitorpen berezia egin diote Jokin Larrañaga Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko buru izandakoari. Urte luzez Araban euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeko eta bereziki lan munduan hizkuntza txertatzeko egindako lan nekaezina eskertu nahi izan diote publikoki.

Contador

Contenido patrocinado