Gasteizek "saskibaloiarekiko duen grina" erakusteko kanpaina prestatu dute

"Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019" Kanpaina Aurkeztu Du Urtaranek
GASTEIZKO UDALA
Actualizado: viernes, 15 febrero 2019 14:16

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

Gasteizek "saskibaloiarekiko duen grina" erakusteko aukera izango du datozen hilabeteetan, Gorka Urtaran alkateak ostiral honetan aurkeztu duen "Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019" kanpainan programatutako jardueren bidez. Izan ere, 2019an, hiriko talde nagusien ohiko norgehiagokez gain, Erreginaren Kopa eta Euroligako Lauko Finala izango dira Arabako hiriburuan.

"Hainbat ekintza ari gara antolatzen kirol norgehiagoka horiek hirian izango duten eragina indartzeko, ez soilik tokiko ekonomian eta turismoaren eta ostalaritzaren sektorean eragina izango dutelako, baizik eta baita hiriak kirolaren eta ohitura osasungarrien aldeko apustua egiten duela agerian uzten duelako, Gasteizen DNAren parte diren balioak proiektatzen dituelako, eta kirolari eta osasungarritasunari loturiko turismo helmuga gisa indartzen gaituelako ere", azaldu du.

Horrela, "Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019" kanpaina igandean abiatuko da ofizialki, nahiz eta urtarriletik udala ekintza batzuk antolatzen aritu den, besteak beste, hiria sustatzeko bideoa eta Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkartearekin elkarlanean sortutako saskibaloi baloien itxurako txokolatezko bonboien aurkezpena.

Lehen ekintza horiek eginda, "datozen norgehiagoketarako atzera kontaketa literalki martxan jartzeko unea heldu da". Hain zuzen, igandean Plaza Berrian egingo den ekitaldi sinbolikoan, Baskonia, Araski eta Zuzenak taldeetako adin guztietako zaleek udaletxeko fatxadan esekiko den kontagailua aktibatuko dute.

Xabier Añúa entrenatzaile historikoak eta Sara Ortega jokalariak baloia saskiratzen duten unean jarriko da martxan atzera kontaketa. Baloia Buesa Arenatik abiatuko da goiz horretan eta, pasez pase, errebotez errebote, hiriko hainbat kale zeharkatuko ditu Mendizorrotzetik igarota Plaza Berrira heldu orduko.

Gainera, hiriko kale nagusietan ikus daitezke jada Gasteiz saskibaloiaren hiriburua dela aldarrikatzen duten banderatxoak, eta datozen egunetan ekintza gehiago iragarriko dira. Ekintza horiei edota kirol hitzorduei buruzko informazioa eskuratzeko, www.vitoria-gasteiz.org/vgbasketcapital web orria erabilgarri dago.