Gasteizko Udalak 1.250etik gora plaza eskainiko ditu enplegurako prestakuntza ikastaroetan 2026an

Ikus-entzunezko bat egiten
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 15 diciembre 2025 11:49

GASTEIZ 15 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udaleko Enplegu Zerbitzuak 2026rako enplegurako prestakuntza programan izena emateko epea ireki du, eta areko 750 ikastaro eta aurrez aurreko beste 85 eskaniko ditu, 1.250 plaza baino gehiagorekin.

Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak azaldu duenez, "deialdiaren berritasun handienetako bat CETICen antolatu ditugun ikus-entzunezkoen sektoreari aplikatutako gaitasun digitalei buruzko ikastaroak dira. Ikastaro horiek beren ekoizpenak filmatzeko gure hirira iristen diren enpresen beharrak aintzat hartuta prestatutakoak dira".

Prestakuntza hori Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Eskolak emango du, 'Fast Forward by ESCAC/OFF ESCAC' programaren esparruan.

Gainera, CETIC udal zentroak 4.0 industria arloan informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, sormen industrietan, oinarrizko gaikuntza digitalean eta alfabetatze digitalean prestatzeko aukera eskainiko du.

Deialdiaren beste berritasun batzuk C++, Phyton eta Sare Neuronaletako programazio ikastaroak dira, bai eta 2D eta 3Dko diseinu industrialeko prestakuntzak ere (SolidWorks).

Bestalde, Ignacio Ellacuria Udal Zentroak logistikari, eraikuntzari, eraikuntza jasangarriari eta industria tradizionalari buruzko ikastaroak eskainiko ditu, eta horietako batzuek Lanbide Gaitasunaren Ziurtagiria lortzeko aukera emango dute.

Aurtengo berritasunen artean, arotzeria metalikoko eta soldadura ikastaroak eta pintura eta igeltserotzako ikastaroak daude. Gainera, oinarrizko gaitasunei buruzko prestakuntza emango da, hala nola matematikari eta gaztelaniari buruzkoa, beharrezkoak baitira profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko.

Eraikuntza jasangarriaren arloko berritasunak BIM tresnaren prestakuntza ibilbidearekin lotutakoak dira. Tresna horrek elkarlaneko lan-metodologia erabiltzen du, eredu digital zentralizatuan oinarrituta. Ereduak eraikuntza bati buruzko informazio guztia biltzen du.

Gainera, eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketari buruzko jardunaldia ere eskainiko da, eta lege aldaketak eta berritasunak izango ditu hizpide.

Espazio berean egingo dira 'Astearte Teknologikoak', hau da, enpresek eskatzen dituzten profil berriekin bat egiten duten ezagutzak eskuratzeko jardunaldiak.

Orobat, Basaldea udal proiektuak laborantza biointentsiboarekin eta baratzezaintza birsortzailearekin lotutako ikastaroak eskainiko ditu. Gainera, Nekazaritza Ekologikoaren arloko Profesionaltasuneko Ziurtagiria eskuratzeko aukera jasotzen du.

SAREKO IKASTAROAK

Bestalde, Gasteizko Udalak sareko prestakuntzako 200 ikastaro baino gehiago eskainiko ditu 2026an, ordenagailu pertsonaletik zein CETICen bertan egin daitezkeenak, programa berri bat jasotzen duen plataforma informatiko baten bidez.

Gainera, enpresen sorkuntza eta administrazioari, diseinuari, kudeaketa informatikoari, trebetasun pertsonalei, 4.0 Industriari, informatika teknikoari, marketinari, merkataritzari, ostalaritzari edota turismoari buruzko ikastaroak nabarmen hobetu dira.

Contador

Contenido patrocinado