Gasteizko Udalak hirian aplikatu dituen mugikortasun jasangarriko politikak aurkeztu ditu Portugalen

Beatriz Artolazabal Portugalgo Oinez Dabiltzan Hiriak sarearen hirugarren biltzarrean, Porton
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 27 marzo 2025 15:35

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Beatriz Artolazabal Gasteizko Udaleko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Mugikortasunaren zinegotziak Porto hirian egiten ari den Portugalgo Oinez Dabiltzan Hiriak sarearen hirugarren biltzarrean parte hartu du ostegun honetan, eta "Gasteiz hiri jasangarritasunean eredugarri" bihurtu duten mugikortasuneko politiken eta espazio publikoa berreskuratzeko politiken "arrakastaren gakoak" azaldu ditu bertan.

"Gure jasangarritasuneko politikak eta, bereziki, Erdi Aroko erdigunean eta hirigunean espazioak oinezkoentzat bihurtzeko onartutako politikak direla-eta Gasteiz aitortu izana oso aintzatespen garrantzitsua da duela urte batzuetatik espazio publikoa pertsonentzat berreskuratzeko egiten ari garen lanagatik", nabarmendu du.

Era berean, gaineratu du beste hiri batzuek Gasteizko ereduari erreparatzeak eta esperientzia partekatzera gonbidatzeak erakusten duela "bide egokian" daudela "pertsonentzat atseginagoa, jasangarriagoa eta pertsonak erdigunean dituen hiria lortzeko".

Bere hitzaldian, Gasteizek mugikortasun jasangarriaren arloan izan duen ibilbidearen errepasoa egin du: "1976an, espazioak oinezkoentzat bihurtzeko lehen urratsa eman genuen, Dato kalea, hiriaren erdiguneko kale nagusia, eraldatu genuenean. Orduz geroztik, Hirigune Historikoan eta XIX. mendeko Zabalgunean kaleak oinezkoentzat jartzeko bidean aurrera egiten jarraitu dugu. Hala, gaur egun, milioi eta erdi metro koadroko espazioa dugu oinezkoentzat".

Nabarmendu duen beste alderdi bat bizikleta azpiegiturari emandako bultzada izan da. Azaldu duenez, "Gasteizek 1964an eraiki zuen Estatuko lehen bidegorria. Gaur egun, ia 200 kilometroko bidegorria dugu bizikletentzat, Estatuko bigarren sarerik handiena, eta bizikletentzako aparkaleku seguruen sare zabala dugu, 17 aparkalekurekin. Guztira, 1.166 plaza ditugu, eta aurten beste hiru gehituko ditugu 150 plazarekin".

Artolazabalek superetxadiak ere aipatu ditu, trafikoa berrantolatu duten esku hartzeak, oinezkoei eta mugikortasun aktiboari lehentasuna emateko. Lehenengoak erdigunean ezarri ziren eta zirkulazioa %77 murriztea eta oinezkoentzako espazioa %45 handitzea lortu zen. Ondoren, eredua beste auzo batzuetara zabaldu da, "Gasteiz hirigintza jasangarriaren erreferentzia gisa sendotuz".

Bukatzeko, Gasteizko alkateordeak nabarmendu "oso garrantzitsua" dela herritarrek eredu horretan inplikatuta egotea, "funtsezkoa baita mugikortasun politiketan adostasun eta babes sozial handia lortzeko". "Herritarren laguntza horri esker, gure eredua sendotu eta nazioartean aitortuak izan gara", ziurtatu du.

Contenido patrocinado