26 de Otsaila de 2020
 
Actualizado 2015/3/30 13:14:46 CET

Gazteen beharrei erantzuteko on line aholkularitza zerbitzua sortu du Eusko Jaurlaritzak

 www.gaztebizhitza.eus-en aurkezpena
Foto: Europa Press

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on line zerbitzua da jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak: www.gaztebizhitza.eus. Interneteko atari honetan informazio gaurkotua eta kalitatezkoa emango da, ikasketak, lana eta etxebizitza gaien inguruan. Gainera, gazteek dituzten zalantzak argitzeko arreta pertsonalizatua eskainiko du, eta aholkulari talde batek, whatsapp, email zein telefonoz erantzungo diete gazteek dituzten galdera eta zalantzei.

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendkariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak aurkeztu dute zerbitzu berria astelehen honetan, Bilboko Azkuna zentroan egindako ekitaldian.

   Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak sustaturiko egitasmoa da GazteBizHitza, Euskadiko gazteriak dituen emantzipazioari loturiko beharrak asetzeko. Egitasmoa, Lanbide, Etxebide eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin egindako elkarlanaren emaitza da.

   Atariaren zerbitzuei dagokienez, kontsultarako eduki espezializatuak izango ditu, ikasketen, lanaren eta etxebizitzaren inguruan, bai eta aholkularitza zerbitzua ere, aholkulari talde batek gazteek dituzten zalantzei erantzungo baitiete norberak aukeratzen duen kanalaren bidez: email, telefono edo whatsapp.

EDUKIAK

   Edukiei dagokienez, hizkuntza hurbil eta errazean idatziriko informazio praktikoa eskainiko du ikasketen, lanaren eta etxebizitzaren inguruan, eta hiru gaiei buruzko bideotutorialak ere izango ditu, motion Graphics teknikarekin eginak.

   Halaber, informazio praktikoa laburtzen duten infografiak eta ikasketa, lan eta etxebizitzaren inguruan maiz egiten diren galderen erantzunak bilduko ditu, adibidez, "Ekintzailetza bultzatzeko zeintzuk dira dauden programak Euskadin?" edo "Zein eratako lan kontratuak daude eta bakoitzaren baldintzen berri non informa naiteke?".

   Gainera, enplegu, hezkuntza deialdi, nobedade, etxebizitza eta bestelako berrien inguruko albiste eguneratuak eskainiko ditu, indarrean dauden deialdiekin, eta kontaktua whatsapp, telefonoz 'call back' zerbitzuaren bidez (telefonoa emanez gero aholkulariak deitzen dio gazteari) edo emailez egin dezake gazteak. Erantzun pertsonalizatuak emango zaizkie gazteei ahalik eta denbora motzenean. Azkenik, GazteBizHitzaren azken berriak hilero jasotzeko, harpidetza egiteko aukera egongo da.

   Atariaren izena -GazteBizHitza-, "gazte", "bizi" eta "hitza" kontzeptuen batura da, alegia, "gazteek bizitzeko eta hitza izateko duten behar eta eskubidea". Gazteen oinarrizko beharrei erantzuna emateko sortu da zerbitzua eta atariko edukiek eta laguntza telematikoak emantzipazioari loturiko nahiak bermatzeko laguntza izan nahi du. Zerbitzua ahalik eta gazte gehienek ezagutu dezaten, sareko komunikazioan lan egingo da eta #Etanireazer? #Quéhaydelomío? #Gaztebizhitza traolak erabiliko dira.