Getariako Indaux enpresako langile bat hil da, asteburuan izandako lan istripuak eragindako zaurien ondorioz

Lan istripuak salatzeko kartel abt.
ELA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 6 mayo 2021 17:54

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

Getariako (Gipuzkoa) Indaux enpresako langile bat zendu da ostegun honetan, joan den asteburuan izandako lan istripuak eragin zizkion zaurien ondorioz, ELA sindikatuak jakitera eman duenez.

Sindikatuaren arabera, heriotza honekin, dagoeneko 22 lirateke aurten Hego Euskal Herrian lan istripuren baten eraginez hil diren pertsonak, hirugarrena Gipuzkoan.

ELAk "elkartasun eta babes zintzoena" adierazi die zendutako langilearen senide, lagunei eta lankideei. "Une latz hauetan ez dago hitzik sentituko duten samina leuntzeko", ziurtatu du.

Salatu duenez, 2020. urtean 70 langile hil ziren lan istripuetan, "eta aurten gaitz hau hartzen ari den abiadurak sekulako bertigoa ematen du". "Egoeraren larritasuna ikusirik, urtero 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeria honekin amaitzeko garaia da. Borondate politikoa eta enpresarien behin betiko konpromisoa besterik ez dira behar gaitz honekin amaitzeko", adierazi du.

Horregatik guztiagatik, Indauxeko langile batzordeak deituta, elkarretaratze bana egingo dira ostiralean, maiatzaren 7an, 12:00etan, Getariako pilotalekuan eta Indaux enpresaren aurreko biribilgunean, Aian.

Contenido patrocinado