'Getxoko Sortzaileak' deialdiak 150.000 euroko diru poltsa izango du sorkuntza prozesuak garatzeko

'Getxoko Sortzaileak' Deialdia
GETXO KULTURA
Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 2 marzo 2026 17:41

BILBO 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxo Kultura udal erakundeak 'Getxoko Sortzaileak' deialdiaren seigarren edizioa jarriko du martxan asteartean, martxoaren 3an, eta 150.000 euro emango ditu laguntzetan sorkuntza prozesu zehatzak garatu nahi dituzten getxoztarrentzat zein udalerriari lotutako proiektuak garatzeko interesa duten Getxokoak ez diren sortzaileentzat. Proposamenak jasotzeko epea maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik.

Getxoko Udaletik jakinarazi dutenez, zazpi dira deialdiak barne hartzen dituen modalitate artistikoak: arte eszenikoak, ikus-entzunezko lanak eta bideoklipak, musika, literatura eta ilustrazioa, hezkuntzako edota bitartekaritza proiektu kulturalak sortzea eta garatzea, obra bisualak eta plastikoak eta beste sorkuntza diziplina batzuetako obrak.

Proiektuak jatorrizko bertsioan aurkeztu beharko dira, eta ezingo dira itzulpenak izan. Era berean, aurkeztutako obrak sormen fasean egon beharko dira guztiz garatu gabe eta eskatzaileak bakarka sortutako lanak izan behar dira.

Kulturgintzako profesionalek osatutako epaimahai bat arduratuko da kategoria guztietako sorkuntzak hautatzeaz, eta, besteak beste, udalerriarekiko lotura, proiektuaren kalitatea eta interesa, obraren jarraipen aukerak (interesa eta irismena aintzat hartuta), euskararen presentzia eta erabilera eta genero ikuspegia txertatzea izango ditu kontuan.

Gehienez 48 proiektu aukeratuko dira, bakoitzari 3.150 euro esleituko dizkiote, eta aukeratutako sortzaileek gehienez bederatzi hilabeteko epea izango dute behin betiko sorkuntza Getxoko Kultur Etxeari aurkezteko. Aurten, gehienez 150.000 euro bideratuko dira deialdira.

Deialdiari buruzko dokumentazioa dagoeneko eskura dago www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean eta proposamenak era telematikoan soilik aurkeztu ahal izango dira Getxo Kulturako egoitza elektronikoaren bidez (https://sede.getxo-kultura.eus/). Ekimenari lotutako edozein kontsulta helbide elektroniko honetara bidali ahal izango da: getxokultura@getxo.eus. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 4an amaituko da.

'Getxoko Sortzaileak' deialdiaren azken bost edizioetan "ezin hobea" izan da jasotako emaitza. Urtez urte 80 eta 100 eskaera bitartean jaso ditu deialdiak, eta 40 eta 48 proposamen saritu ditu. Sarituen artean, iazko datuei erreparatuta, %51,1 emakumeak izan ziren, eta %48,9 gizonak; sarituen %72,3 Getxon erroldatuak izan ziren eta %27,7 Getxotik kanpokoak.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado