Gipuzkoa Encounter topaketako 400 ordenagailu postuak 2,1 segundotan agortu dira

Gipuzkoa Encounter topaketako 400 ordenagailu postuak 2,1 segundotan agortu dira
EUSKALTEL KONEKTA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 1 marzo 2019 14:05

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoa Encounter informatika topaketaren zaleek 2,1 segundo eskasetan erreserbatu dituzte 400 ordenagailu postuak. Topaketaren 13. edizioa martxoaren 22tik 24ra izango da, Tolosako Usabal kiroldegian, eta 600 bat parte hartzaile elkartuko ditu. Euskaltelek ezarriko duen sare informatikoak segundoko 10 gigako konexio abiadura emango die parte hartzaileei. Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du ekimena, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Taldearen laguntzarekin.

Antolatzaileek azaldu dutenez, topaketan parte hartzeko interesa zutenek izen-emateak irekitzeko momentura arte itxaron behar zuten ordenagailu aurrean, eta erreserba sisteman sartzen saiatu. Gipuzkoa Encounterren webguneak duen sistema sendoari esker, eragozpenik gabe kudeatu ahal izan dira aldi berean iritsitako ehunka eskaerak, eta "marka ezin hobean" banatu dira 400 postuak. Gainerakoak itxarote zerrendan geratu dira, eta nahi duten guztiek bisitan etortzeko aukera izango dute, eguneko pasea eskuratuz edo Opengune zona irekira gerturatuz.

Topaketaren gunean 600 parte hartzaile inguru espero dira, ordenagailu postua eskuratu dutenak eta eguneko pasearekin bertaratuko direnak zenbatuz. Hala ere, teknologia zale guztiek eta informatika festa hau ezagutzeko jakin-mina dutenek Usabal kiroldegira gerturatzeko aukera izango dute, publikoarentzat irekitako ekimen anitz egongo baitira.

Aurtengo hitzorduak segurtasun informatikoa izango du ardatz nagusi, eta ordenagailuetan nahiz sakelako telefonoetan arrisku informatikoak nola ekidin ikasteko doako hitzaldi eta lantegiak izango dira parte-hartzaile zein bisitarientzat. Robotika, programazioa eta datuen analisia bezalako gaiei buruzko formakuntza ere eskainiko dute hainbat adituk.

Gainera, Usabal kiroldegira gerturatzen direnek errealitate birtualeko esperientziez gozatu ahal izango dute, bai eta jokoen gunean dibertitu ere. Openguneak jende mordoa erakartzen du urtero, ongi pasatzeko eta ikasteko ekintzen egitarau zabala eskaintzen baitu.

Halaber, Euskaltel Konekta fundazioak parte hartzaileentzat antolaturiko ekintzen artean izango dira arte digital, programazio, bideo-joko, software libre eta hardware txapelketak, bai eta bertaratutakoen sormena pizteko eta elkar ezagutzeko aisialdiko jarduerak ere. Elkarbizitza estu hori gauez ere gertatuko da, ehunka parte hartzaileek kiroldegitik hiru minutura dagoen Laskorain ikastolan jarritako ohatzeetan lo egingo baitute.

Contenido patrocinado