Gipuzkoako Aldundiak 2026ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu du

Gipuzkoako Aldundiak 2026ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu du
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 25 abril 2025 12:17

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak bederatzigarren urtez jarri du martxan 2026ko egutegia herritarrekin batera lantzeko asmoz antolatutako argazki lehiaketa. Lanak aurkezteko epea irailaren 1ean hasiko da, gaia 'Ekin. Zaindu. Bizi' izango da eta, beraz, parte hartu nahi dutenek kontzeptu horiek islatzen saiatu beharko dira beren argazkietan.

"Gipuzkoa lurralde bizia da, natur ingurune aberatsa, tradizio sustraituak eta komunitate balio sendoak dituena. Aldi berean, etorkizunera begira aurrera egiteko ekimena duen lurralde industriala gara, pertsonak eta ingurunea zaintzen dituena. Guztion ongizatea bultzatzen duen lurraldea, azken finean", adierazi dute foru erakundetik.

Hori dela eta, Gipuzkoako Aldundiak 'Ekin. Zaindu. Bizi' leloa hartu du goiburutzat legealdi honetan, "gipuzkoar guztien ongizate integralaren aldeko lana" laburbiltzen duelako. Aukeratutako gaiaren eta argazkien bitartez, "gipuzkoarron balio konpartitu horiek guztiak indartzen eta sustraitzen" jarraitu nahi du foru erakundeak.

Ohi bezala, aurten ere lehiaketa Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin elkarlanean antolatu da, eta, guztira, 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da; horrez gain, 250na euroko 12 sari egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana.

Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez: originalak, aurretik argitaragabeak eta aukeratutako gaia irudikatzen dutenak. Argazkiak Gipuzkoan ateratakoak izan behar dira.

Lehiaketan parte hartzeko interesa duenak gipuzkoa.eus/argazki-lehiaketa web orrian sartu beharko da eta bertan aurkeztu argazkiak. Irudiak aurkezteko epea irailaren 1ean ireki eta irailaren 30ean itxiko da.

Argazkiak .jpeg formatuan aurkeztu beharko dira, horizontalean, 20x33 cm-ko tamainarekin eta hazbeteko 300 pixeleko bereizmenarekin, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Argazkiak ezin dira lehenagotik aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein argitalpen kanpainatan argitaratuta egon.

Bestalde, ezingo da aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez da onartuko egilearen sinadura edota logotipoa daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina ez da onartuko hartutako irudien gainean elementuak manipulatzea edo gehitzea edo ezabatzea, ezta adimen artifizialarekin egindako obrarik ere.

EPAIMAHAIA

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariek osatutako epaimahaiak 13 argazkirik onenak aukeratuko ditu, kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana kontuan hartuz. Gainera, argazki guztiak ikusi eta baloratzeko eta lehiaketako oinarriak betetzen ez dituztenak alde batera uzteko ardura izango du.

Parte hartzaileek ziurtatu beharko dute emandako datuak benetakoak eta egiaztatu daitezkeenak direla. Behin argazkiak bidalita, foru erakundeak kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak eskatuko dizkie parte hartzaileei.

Gipuzkoako Aldundiaren egutegiak harrera ona izan ohi du herritarren artean, eta antolatzaileek egitasmoaren balorazio oso positiboa egin dute urtero, orain arteko edizioetan aurkeztutako lanen kalitatea nabarmenduz. Hain zuzen ere, guztira 644 argazki aurkeztu ziren eta 40.000 ale inguru banatu ziren doan iaz herritarren artean, aldundian bertan eta lurraldeko eskualde guztietan.

Contenido patrocinado