Gipuzkoako Aldundiak 50 urtez euskararen alde eginiko lana eta gizarte ekarpena aitortu dizkio Kilometroak jaiari

Gipuzkoako Aldundiak 50 urtez euskararen alde eginiko lana eta gizarte ekarpena aitortu dizkio Kilometroak jaiari
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 28 septiembre 2026 14:16

DONOSTIA 28 (EUROPA PRESS)

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak Kilometroak 2026 festaren antolakuntzako ordezkariak hartu ditu astelehen honetan Foru Jauregian, aurtengo edizioaren nondik norakoak ezagutzeko eta, batez ere, ekimenak mende erdi betetzen duen honetan, euskararen alde egindako lana eta gipuzkoar gizarteari egiten dion ekarpena aitortzeko.

"Konpromiso partekatua dugu, euskararen biziberritzeari beharrezko bultzada ematen jarraitzeko", nabarmendu du ekitaldian Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Bileran, diputatu nagusiaz eta Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabalez gain, Aitor Elizaran Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, Irantzun Amondarain Lazkaoko Ikastolako lehendakariak, Ion Martinez Lazkaoko ikastolako zuzendariak, Xeber Maiza Kilometroen koordinatzaileak eta Arantza Munduate Ikastolen Elkarteko idazkari teknikoak parte hartu dute.

Kilometroak jaiaren aurtengo edizioa 50. izango da eta datorren igandean egingo da Lazkaon, urriaren 4an, 1977an egin zen bezala, 'Ibilian-ibilian, buelta!' lelopean, "eginiko ibilbide luzearen aitortza jasoaz". "Esanahi bereziko edizioa izango da aurtengoa, zalantzarik gabe. Duela 50 urte Lazkao eta Beasain artean abiatu zen Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, eta sorlekura itzuliko da", esan du Mendozak.

Kilometroak bezalako ekimenak lurraldearen "komunitate indarra eta parte hartze sozialaren erakusgarri" direla azpimarratu du diputatu nagusiak. Bide horretan, Gipuzkoako Aldundiak babesa adierazi dio aurtengo edizioari eta eskerrak eman dizkie Lazkaoko Ikastolari, antolakuntzan parte hartzen ari diren herritarrei, Kilometroak Kultur Elkarteko ordezkariei eta bidelagun guztiei, mende erdiko ibilbide honi jarraipena emateko eginiko lanagatik.

50 URTE

50 urteko ibilbidean zehar, Kilometroak Gipuzkoako gizartearen parte hartzea eta elkarlana biltzen dituen ekimen bihurtu da, ikastolen proiektua, euskara eta euskal hezkuntzaren aldeko konpromisoa uztartuz. "Izan ere, Kilometroak ez da egun bakarreko ospakizuna soilik: komunitatea eraikitzeko, elkarlana indartzeko eta euskararen eta euskal hezkuntzaren aldeko konpromisoa partekatzeko gunea ere bada", adierazi du.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du urriaren 4an Lazkaon egingo den jaiarekin, eta Gipuzkoako herritarrak gonbidatu ditu "festa berezi honetaz gozatzera eta, "ibilian-ibilian, bidea elkarrekin egiten jarraitzera".

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado