Gipuzkoako Aldundiak "Gipuzkoa Berria" aldizkaria kaleratu du, herritarrei zuzeneko informazioa helarazteko

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 15 enero 2013 15:04

DONOSTIA 15 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak "Gipuzkoa Berria" aldizkaria plazaratu du, herritarrei zuzeneko informazioa helarazteko helburuarekin. Lau hilean behin kaleratuko da eta paperean nahiz interneten egongo da.

Foru erakundearen helburu nagusienetako bat herritarrekin jardutea da, eta horretarako funtsezkoa da herritarrengana zuzeneko informazioa heltzea. Horregatik, Aldundiak erabaki du "Gipuzkoa Berria" aldizkaria kaleratzea eta herrialdeko etxebizitza guztietara helaraztea. Etxeetara helarazteaz gain, interneten ere eskuragarri izango da Gipuzkoaberri.net helbidean eta Twitter bidez.

Lehenengo zenbakia astearte honetan bertan hasiko dira banatzen eta hilabete bukaera arte iraungo du banaketak. Oraingoz, asmoa lau hilero kaleratzea da eta beraz, hurrengoa maiatza aldera izango da.

Gaiei dagokienez, lehen zenbaki honetako gai nagusia aurrekontuak dira, eta horrekin batera beste hainbat gai lantzen dira: txartel bakarra, AP-1 eta AP-8 autobideetako 25 euroko gehieneko muga, Fortuna Handien gaineko Zerga, zero zabor politikak, herritarren partaidetza prozesuak eta abar. Hainbat albisteetan, gainera, QR kodeak daude, herritarrek gaiarekin lotutako bideoak ikus ditzaten.

Kostuari dagokionez, BEZ barne 30.500 euroko aurrekontua du aldizkariak guztira, inprimaketa eta banaketa barne, eta beraz, aldizkari bakoitzaren kostu osoa 11 zentimokoa da.

Proiektu berri honekin herritarrekin komunikatzen jarraitzeko beste bide bat zabaldu nahi du Gipizkoako Aldundiak, eta aurrerantzean ere bide horretan urratsak emango ditu.

Contenido patrocinado