Gipuzkoako Foru Suhiltzaileek 2.758 esku hartze egin zituzten 2018an, erdiak baino gehiago erreskate eta salbamenduak

Gipuzkoako Foru Suhiltzaileek 2.758 esku hartze egin zituzten 2018an, erdiak baino gehiago erreskate eta salbamenduak
GIPUZKOAKO SUHILTZAILEAK
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 7 mayo 2019 14:52

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak larrialdiko 2.758 esku hartze egin zituen 2018an erregistratu ziren 2.242 ezbeharretan. Esku hartzeen %56,16 erreskateak eta salbamenduak izan ziren, %28,17 suteak, eta gainerakoa laguntza teknikoak (%8,51) eta alarma faltsuak (%7,15).

Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak astearte honetan jakinarazi duenez, 2017ko datuekin alderatuta, gehikuntza izan da gertaturiko ezbeharren kopuruan eta Suhiltzaile Zerbitzuak egindako jarduketa kopuruan, bi kasuetan ia %7 igo baitziren aurreko urtearen aldean.

Suteei dagokienez, iaz 642 ezbehar izan ziren, aurreko urtean izandakoak baino %10 inguru gutxiago. 2018an izan ziren sute gehienak hirikoak izan ziren, tamaina txikikoak, etxebizitzetan gehienbat (257 ezbehar). Halaber, 43 industria sute ere erregistratu ziren, fabrika, lantegi edo biltegietan, 44 sute landa eraikinetan edo baserrietan, 42 baso edo landaretza sute, eta 116 era askotako garraiobideekin zerikusia izan zutenak.

Aurreko urteetan gertatu izan den bezala, 2018an izandako sute gehienak egunez gertatu ziren (%60,03), 08:00etatik 20:00etara, hain zuzen. Hala ere, askotan suterik larrienak gauez izaten diren, detekzio denbora handiagoa izaten delako eta sutea libreki bilaka daitekeelako, kalte handiagoak eraginez.

ERRESKATEAK

Erreskate eta salbamenduei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak mota horretako 1.280 ezbeharri erantzun zien 2018an, hau da, aurreko urtean baino %4,66 gehiago, azken urteetako goranzko joera mantenduz.

Mota horretako ezbehar guztietatik, 196 jarduketa trafiko istripuak izan ziren; 487 artapen arriskuan zeuden pertsonei, etxebizitzetan sartzeak eta mendiko erreskateak barne hartuta; 111 esku hartze ur, gas edo argindar ihesekin zerikusia zuten ezbeharretan; 249 artapen animaliei, Asiako liztorraren habiak kentzea barne hartuta (189 jarduketa).

Suhiltzaile Zerbitzuak parte hartutako esku hartzeetan erreskatatutakoei dagokienez, 262 pertsona kontatu ziren, eta horietatik 35 hildakoak ziren. Esku hartzeen %44an, abisua eman zenetik esku hartzea hasi zen arte igarotako denbora hamar minutu baino gutxiago izan zen. Bestalde, 15 minutu baino gutxiagotan hasitako jarduketak erreferentzia gisa hartuz gero, portzentajea %67,4ra igotzen da, esku hartze guztiak hartuta. Ezbeharretara mugitzen diren dotazioen joaneko bidaiaren batez besteko iraupena 11,8 minutu izan da.

Esku hartzeak burutzeko behar den denborari dagokionez, batez besteko iraupena ordubete eta 20 minutu izan zen, eta suhiltzaileek egindako jarduketa guztien %64,82an ordubete baino gutxiago behar izan zen.

Contenido patrocinado