Gipuzkoako zazpi artista berriren erakusketa zabalduko du Donostiako Koldo Mitxelenak

Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 22:26

DONOSTIA, 28 Nov. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak Julen Agirre, Oier Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Antonio Macarro, Daniel Mera, Mikel Otxoteko eta Ainize Sarasola artista gipuzkoar gazteen lanez osaturiko erakusketa irekiko du gaur, azaroaren 28an, eta 2014ko otsailaren 22ra arte izango du ikusgai. Inaugurazio ekitaldia arratsaldeko 19:30ean izango da.

Aretoko arduradunek adierazi dutenez, erakusketan proposamen ezberdinak aurki daitezke: marraztutako hainbat forma eta egitura, arkitektura eta eskulturaren hasierara eramaten dutenak (Julen Agirre); neurri eta itxuraren zitazio desbideratuaren bidez gorputzari interpelatzen dioten beste forma multzo bat (Oier Iruretagoiena); edota objektu multzo bat, inguratzen gaituen gunearen ikuspegia aldarazteko asmoa duena (Sahatsa Jauregi).

Halaber, film zatien multzo bat espazioan barrena ipinita eta bere baliabide narratiboak bilatu nahian (Antonio Macarro); imaginario baten berreraiketa -ideia eta gauzaren arteko distantzia- errepresentazioaren mekanismoekin duen konpromisotik abiatuta (Daniel Mera); ikusi eta entzuteko gune bereziak, bideoaren berezitasunaren inguruan sortutakoak (Mikel Otxoteko); eta "subjektu sutsuen" imajinatutako multzo baten erakustaldi grafikoa (Ainize Sarasola) ere daude ikusgai.

Koldo Mitxelenako arduradunek esan dute betidanik hartu izan dela artista berrien erakusketa "Gipuzkoako artearen egoeraren neurgailu modura", baina, aurtengo erakusketak ez du izan nahi diagnostiko emaile soila, eta horren ordez, esperimentazio gune berria proposatzen du, non lekua izango duten gorputz eta zentzumen esperimentazioak, hala nola alderdi kognitiboak.

Hori guztia, forma, irudi, soinu eta giro desberdinak sortuz teknikaren bidez eta barne leku zehatz bateko baldintzetara egokituta -Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa aretoa, hain zuzen-, horrexek mugatuko baitu esperientziaren nondik norakoa.

Ohiko bakarkako bisita gidatuez (momentuan) eta taldekakoez gain (aurrez erreserba eginaz), erakusketarekin batera izango diren jarduera osagarrien artean doako tailerrak eskainiko dira publiko ezberdinentzat. Datozen egunetan Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean eta sare sozialetan emango da tailerren eta daten berri. Tailer hauen helburua da publikoa arte garaikidera gerturatzea, sormena sustatzea eta esperimentaziorako espazio bat eskaintzea.