Gitarra eta harizko musika tresnak izango dira Bilboko "Mila Musika Haria" zikloko protagonistak abenduan

Gitarra protagonista
Foto: BIILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 22:36

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Gitarraren zale guztiek "Mila Musika Haria" zikloaren laugarren edizioaz gozatu ahal izango dute abenduan Bilbon. Egitaraua gitarraren eta harizko musika tresnen inguruan sortzen diren musikei eskainita egongo da, mundu osoan ikus daitezkeen adierazpen eta barietate guztietan.

   Horrela, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako egitaraua abenduaren 10etik 20ra izango da, Barrainkuako Udaltegian, eta emanaldi guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira.

   Edizio honetan, "Mila Musika Haria" programak, protagonista nagusi gitarra klasiko garaikidea eta baxu elektrikoa izango diren kontzertuak eskainiko ditu, baita autore musika eta sustrai iberoamerikarreko emanaldiak ere.

   Musika zikloa astearte honetan, abenduaren 10ean, hasiko da, Bilboko Udal Musika Eskolako gitarra taldearen kontzertuarekin, eskolako irakasle den David Ekairen zuzendaritzapean. Taldea bederatzi gitarrek osatzen dute, txirulak, biolinak, tronpetak, txeloak, akordeoiak eta ahotsak lagunduta, eta klasiko herrikoien oso emanaldi pertsonala eskainiko du.

   "Mila Musika Haria" programako bigarren errezitaldia ostegunean, abenduaren 12an, izango da, eta protagonista Enrike Solinisen gitarra klasiko garaikidea izango da. Musikari ikonoklasta hori erraztasunez mugitzen da Errenazimenduko musika eta hard rock bezalako estilo desberdinetan.

   Autore musika, Julio Azcano musikari argentinarraren gitarraren eta  Taylan Arikanek jotzen duen Anatoliako musika tradizioko baglama harizko musika tresnaren eskutik etorriko da. Bi musika tresnek beren melodiak elkartzen dituzte Ayresen, musika kultura anitzek bat egiten duten soinu gune irekian.

   Abenduaren 19a gitarra iberoamerikarra izango da protagonista, Patxi Ramak (gitarra), Daniel Ortegak (baxu elektrikoa) eta Claudia Moralesek (ahotsa eta perkusioa) osatutako Gautxo taldearen errezitaldiarekin. Gautxo musika latinoamerikarraren eremu zabala aztertu nahi duen musika egitasmoa da, hirukote akustiko formatuan. Zamba argentinarraren, boleroaren edo tangoaren bertsioak, jazz eta flamenko ukitu leunekin harmonizatuta daude.

   "Mila Musika Haria" ekimenaren laugarren edizioa abenduaren 20an amaituko da, Kike Mora buru duen Kike Mora Groove Trio taldearen kontzertuarekin. Hirukoteak ukitu elektriko indartsua duen errezitaldia eskainiko du, taldeak berak egindako kantetan eta funk eta groove klabe bertsioetan oinarritua, jazzaren lengoaiaren barruan. Morarekin (baxu elektrikoa) batera Kike Gutman egongo da saxoan eta Kepa Calvo baterian.

Contenido patrocinado