BILBO, 11 (EUROPA PRESS)
Eroski kooperatiba eta Lanerako laneratze enpresa elkarlanean ari dira ekonomia sozialaren arloko proiektu batean eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonek kudeatutako supermerkatu bat irekiko dute Basaurin (Bizkaia).
Berrikuntza sozialaren arloko proiektua izanik, ekimenaren asmoa da enplegua sorrarazteko aukera berriak bilatzea lan merkatura sartzeko zailtasunak dituztenentzat, bai eta beste jarduera sektore batzuetako beharrak detektatzea ere, enplegu aukera bihur daitezen, bi erakundeek jakinarazi dutenez.
Alberto Madariaga Eroskiko Supermerkatuen eta Prozesuen arloko zuzendariak adierazi duenez, "proiektu honekin aurrerapausoak eman ditugu enplegu sozialaren arloan ditugun konpromisoetan. Frankizia erako gure denda ereduaren lehiakortasuna irekita dago ekintzaileentzat, kooperatibentzat eta ekonomia sozialeko enpresentzat, eta helburu du gure inguruko enplegu sozialaren dibertsifikazioan aurrerapausoak ematea".
Bestalde, Lanerako sozietatearen Proiektuen arloko zuzendari Ernesto Callejok azaldu du Eroskirekin duten lankidetza proiektuaren xedea dela "kualifikazio profesionaleko aukerak sorraraztea supermerkatuen sektorean eta, behin kualifikazio profesionala eta esperientzia lortzean, sektorean modu egonkorrean sartzea".
"Enplegua sortzeko aukera zabalak ematen dituen sektorea da. Horregatik, baloratu dugu Eroskiekin indartzea laneratzeko proiektu hau", gaineratu du.
Bestalde, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak nabarmendu du proiektu honekin "aurrerapausoa" eman dela "gizarte bidezkoago, inklusiboago eta solidarioago bat sortzeko konpromiso kolektiboan".
"Eroskiren supermerkatu berri hau zabalduta, proiektu aitzindaria aktibatu dugu. Izan ere, gizarte bazterketa jasateko arriskuan daudenek kudeatuko dute osorik supermerkatu hau, eta hori egiazko pauso bat da pertsonak erdigunean jartzen dituen ekonomia baterantz egiteko", azaldu du.
SEI LANGILE
Eroskiren frankizia erako supermerkatu berria Basauriko Ramon y Kareaga kaleko 1 eta 2 zenbakien artean dago eta sei langile izango ditu. Saltokia 09:00etatik 21:00etara egongo da irekita astelehenetik larunbatera, eta 09:00etatik 14:00etara igandeetan.
Eroski/City izenekoa da, eta, bezeroarenganako arreta pertsonalagoa eman ez ezik, "apustu indartsua" egingo du tokian tokiko produktuen eta sasoiko elikagai freskoen alde. Elikagai osasungarriak sustatuko ditu, eta dirua aurrezteko modu berriak eskainiko ditu eguneroko erosketetan.
Denda berriak produktu sorta zabala eskainiko du, ekoizle liderren markakoak, marka propiokoak eta tokiko ekoizleenak, eta 280 metro koadro baino gehiagoko salmenta gunea du.
Elikagai freskoen eskaintza zabala edukiko du, bereziki sasoian sasoiko eta tokian tokiko frutena eta barazkiena, eta garrantzia hartuko dute erreferentzia osasungarriek, produktu ekologikoen sorta zabala izango baitu. Era berean, saltokiak ogi eta opil egin berriak izango ditu, bezeroei freskotasunik handiena bermatzeko.
Supermerkatu berriak ostegunean irekiko ditu ateak, ekainaren 12an, 09:00etan, baina Eroskiko langileek eta senideek asteazken honetan inauguratuko dute, 18:30ean, erakunde eta enpresa ordezkari ugarirekin batera.