BILBO, 24 (EUROPA PRESS)
Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka emandako epaia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren aurkako eraso zuzena" dela salatu dute ostegun honetan 200dik gora alkatek, udal hautetsik eta euskalgintzako ordezkarik.
Auzitegi Gorenak Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen pasa den astean, Vox alderdi politikoak jarritako helegitearen tesi gehienak bere eginez. Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu ditu, euskararen normalizazioa helburu duten beste neurri batzuekin batera.
Bada, ostegun honetan, euskararen eta euskal erakundeen autogobernuaren aldeko erantzun bateratua eman dute Bilbon alderdi eta sentsibilitate desberdinetako 200dik gora alkatek eta udal hautetsik eta euskalgintzako ordezkariek, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egindako agerraldian.
Epaia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela azpimarratu dute, bai eta "azken hamarkadetako kontsentsuarekin hausten" duela eta "autogobernua nabarmen kaltetzen" duela ere.
Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan da adierazpen bateratua irakurtzeko arduraduna.
Vox alderdiaren argudioak bere eginez, Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legea garatzen duen dekretuaren hainbat atal baliogabetu izana kritikatu du, eta epaiak herritarrek hautatutako udal gobernuei udalerri bakoitzerako hizkuntza politika askatasunez garatzeko eskumena ukatzen diela.
"Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena da, azken hamarkadetako kontsentsuarekin hausten duena eta gure autogobernua nabarmen kaltetzen duena. Epai honen ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, ezta gaztelerarekin batera erabiltzen denean ere", adierazi du.
Finean, bere hitzetan, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada "neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren parera iritsi dadin". "Hori du asmo indarrean dugun araudiak", gaineratu du.
"EGOERA LARRIA"
Idurre Eskisabelek ohartarazi du "egoera larria" dela, euskara "hizkuntza gutxitua" delako, "mendeetako debeku eta jazarpen politiken ondorioz minorizatua".
"Euskalgintzatik, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearekin batera, adierazi genuen euskara larrialdi egoeran dagoela eta azken ikerketek ere agerian utzi dute geldialdi eta atzeraldi baten arriskua", gogorarazi du.
Era berean, nabarmendu du euskal erakundeak eta eragile politikoak "ahalegin berezia" egiten ari direla azken hilabeteotan "euskarak ofizialki lekua izan dezan Europar erakundeetan".
Hain zuzen, bere iritziz, euskara "minorizaziotik ateratzeko ekintza positiboak premiazkoen direnean biderkatu dira neurri hauen aurkako sententziak, euskararen normalizazioarekin bateragarriak ez direnak".
"Dela Lan Eskaintza Publikoak baliogabetuz, dela Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalez onarturiko legeen aurka eginez, dagoeneko 30 inguru dira euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatzen duten sententziak", esan du.
Egoera honen aurrean, "batasunetik erantzun beharra" dagoela nabarmendu du, zeren eta, "neurririk hartu ezean, oztopoak ugarituko dira euskaraz bizi nahi dugunontzat".
"Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu, aurrera egiteko garaia da", azaldu du.
Ildo horretan, segurtasun juridikoa indartu behar dela eta, beharrezko lege aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dela adierazi du, "ahalik eta adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko".
"Euskara behar dugu eta euskarak behar gaitu. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena. Horregatik, euskalgintzak eta udal ordezkariok bat eginik, euskararen erabilerak dagokion lekua behar duela berresten dugu, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu gaurkoan. Bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko. Pizkunde berri baten aroari bide emateko", esan du.