BILBO, 19 (EUROPA PRESS)
Guggenheim Bilbao Museoak Getty erakunde estatubatuarrak ematen duen arte eta jasangarritasun beka lortu du, klima aldaketari eta ingurumenaren kudeaketari buruzko nazioarteko elkarrizketetan aitzindaritzan diren erakunde kultural eta zientifikoei laguntzeko helburua duena, hain zuzen ere.
Bekari esker, Bilboko museotik jakinarazi dutenez, hiru profesional kualifikaturekin indartuko du bere taldea, eta, datozen sei urteetan, langile horiek museoak ingurumen kudeaketan dituen lehentasunak dinamizatuko dituzte.
Era berean, museoko esperientziari esker, langileek bere trebakuntza areagotzeko aukera izango dute kultur eta arte kudeaketaren arloan krisi klimatikoaren inguruko konponbide praktikoak bultzatuz.
Guggenheim Bilbao Museoaz gain, sei kontinentetako beste 14 erakundek jasoko dute beka: Academy of Athens (Grezia), Bibliothèque nationale (Frantzia), James Cook University (Australia), Museu Paraense Emílio Goeldi (Brasil), Rochester Institute of Technology (AEB), Singapore Art Museum with the National Gallery (Singapur), University College London's Institute for Sustainable Heritage (Erresuma Batua), eta Photosynthesis sareko artisten egonaldi-programa Denniston Hillen (AEB), LUMA Arlesen (Frantzia), Pivôn (Brasil), Srihatta-Samdani Art Centren(Bangladesh), Tate St Ivesen (Erresuma Batua) eta The Mothershipen (Maroko).
Bilboko museotik nabarmendu dutenez, beka eskuratu izana "beste aurrerapauso bat da" jasangarritasunarekin hartu duen konpromisoan. Ildo horretan, erakundeak abian jarri berri ditu 2030erako neutraltasun klimatikoa lortzera bideratutako beste ekimen garrantzitsu batzuk.
Hala, ekainaz geroztik, Museoa Culture for the Planet aliantzako kide sortzailea da; nazioarteko komunitate horrek artearen eta kulturaren sektorean jasangarritasunerako trantsizioa bizkortzea du helburu.
Gainera, Gallery Climate Coalition-GCCko kide aktibo izaten jarraituko du eta bere jarduera osoaren karbono aztarna neurtzeari ekin dio lehen aldiz aurten.
Orobat, urteko azken hiruhilekoan buru emango dio eraikinaren jatorrizko sabai leihoetatik sartzen den argi naturalaren erabilera maximizatzeko aukera eskainiko duen argiztapen dinamikorako proiektu bati eta urten amaieran 'Lurraren arteak' inauguratuko du, ingurumenera bideratutako nazioarteko hausnarketa planteatzen duen erakusketa handia.