GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Ertzaintzak eta Open Society Fundazioak "Ertzaintza eta gutxiengo etnikoak: Harremana, lankidetza eta inklusioa" izenburuko jardunaldia antolatu dute asteazkenerako, abenduaren 19rako, Gasteizko Europa jauregian. Gutxiengo etnikoen komunitate eta kolektibo ezberdinekin egiten duten lanaren berri emango dute Ertzaintzako hainbat arduradunek.
Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak inauguratuko du topaketa, eta mahai inguru batean parte hartuko dute Gao Lacho Drom elkarteko, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko, Bidaya Emakume Musulmanen Elkarteko, Gehitu elkarteko eta Gurutze Gorriko ordezkariek parte hartuko dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Ertzaintzak gutxiengo etnikoekin egiten duen lanaren ardatzak "harremana, lankidetza eta inklusioa" dira, eta jardunaldiaren baitan azalduko ditu bost txosten eta mahai inguru baten bidez.
Horrela, lehenengo txostenean, Idazkaritza Nagusiko Herritarren Eskubideen atalburu Aitor Larrea komisariordeak azalduko du Ertzaintzak gorroto delituen arloan egiten duen lana. "Ertzaintza, gorroto delituen kudeaketaren erronkak eta aurrekarien laburpena" izenburuko agerraldian, "gorroto gertakaria" kontzeptua, barne araudia, prestakuntza, sentsibilizazioa, datuen bilketa, erreminta estatistikoa eta Ertzaintzak arlo horretan egiten duen analisia azalduko ditu Larreak.
Bigarren txostenaren izenburua "Komunitate musulmanaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza" da, eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Aitor Mugikak Ados batzordearen eta Elkarbizitza Helburu programaren baitan Ertzaintzak eta komunitate musulmanak duten harremanaren berri emango du. Programa horren esparruan egiten ditu Ertzaintzak meskitetara bisitak, erradikalizazioaren aurkako gela iraunkorra eta Euskal Bilgune Islamiarraren bidez egiten diren prebentzio lanak.
Hirugarren agerraldia Ikerketako Arabako buru Iñaki Arteagarena izango da. "Giza salerosketaren aurkako Plan Estrategikoa" izenburupean, delitu hori saihesteko eta eragozteko lanean ari diren elkarteekin, GKEekin eta erakundeekin dituzten harremanen berri emango du.
PREBENTZIOA
Bestalde, Idazkaritza Nagusiko Prestakuntza eta Baliabideak Atalburu Txema Delgado komisariordeak "Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz" programa zehaztuko du laugarren txostenean. Dibulgazioko segurtasun programa horren bidez, Ertzaintza hainbat kolektiborekin harremanetan jartzen da prebentzioaren arloan lankidetzan jarduteko.
Segurtasun Sailak izenpetutako lankidetza akordioen bitartez herritarren komunitate eta sektore ezberdinetan segurtasun portaerak sustatzea da helburua. Jarduera horren baitan era askotako mezuak baliatzen dira fenomeno jakinei aurrea hartzeko (Interneteko delituak, eskola jazarpena, iruzurrak eta abar). Aurreko ikasturtean 37.709 pertsonarengana iritsi zen programa.
Bosgarren txostenean, Ertzaintzak gutxiengo etnikoen arloan egiten duen lanaren oinarri diren Europako zuzentarauak eta araudia azalduko ditu Ikerketa Batzorde Teknikoko buru Iñaki Villacián komisariordeak.
Bilboko ertzain-etxeko Informazio Zentroko buru Patricia Martínez de Musituk bideratuko du jardunaldiaren lehenengo zatia, eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondok itxiko du.
MAHAI INGURUA
Atseden hartzeko ordu erdiko tarte baten ondoren mahai inguru bat egingo da, "Gutxiengo etnikoek Ertzaintzarekiko harremanaz duten ikuspegia eta balorazioa" izenburupean. Estibaliz Ruiz de Azua kazetariak egingo ditu moderatzaile lanak.
Gao Lacho Drom ijitoen elkarteko Pascual Borja, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko Tamara Clavería, Bidaya Emakume Musulmanen Elkarteko Hajar Samadi, Gehitu elkarteko Jesús Estomba eta Gurutze Gorriko Nahia Díaz de Corcuera izango dira mahai inguruan parte hartuko dutenak. Egiten den lanaren berri emango dute eta kolektiboen ikuspegia eta balorazioak adieraziko dituzte.