BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak gazteei zuzenduriko Harrapazank egitasmoa jarriko dute abian berriro, eta talentua eta sormena erakutsi nahi duten 8 eta 18 urte bitarteko gazteek otsailaren 5era arteko epea izango dute www.harrapazank.eus web orrian izena emateko. Horretarako, fitxa bete eta gurasoen berariazko baimena erantsi behar dute.
Arduradunek jakinarazi dutenez, Harrapazank programaren barruan bi ekimen ezberdin egin ahalko dira. Alde batetik, Distirazank -lehen Harrapazank Eszena- programak bi kategoria izango ditu: Harrapazank Junior, 8 eta 13 urte bitartekoentzat eta Harrapazank Senior, 14 eta 18 urte bitartekoentzat. Bi kategorietan casting bat egingo da gazteek euren talentua erakusteko antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontatzen edo bertsotan.
Ondoren, kategoria bakoitzeko hamar talde aukeratuko dira, eta talde horiek maiatzean egingo diren azken galetan parte hartuko dute euren trebezia erakusteko. Gala horietan irabazleak aukeratuko dira eta 500 euroko bi sari banatuko dituzte kategoria eta gala bakoitzean. Aurten, berritasun modura, programa ez da maiatzeko galekin amaituko, uda ostean ere izango baita, sorpresekin gainera.
Bestalde, Probazank programa Harrapazank eta Bilrobot tailerrek osatuko dute. Harrapazank 9 eta 18 urte bitarteko gazteentzako tailerrak izango dira, graffiti, DJ, sukaldaritza eta smartphone gailuarekin egindako argazkiei buruzkoako, eta Bilrobot 8 eta 12 urte bitartekoentzako errobotika, bideo joko eta popping dantzari buruzkoak. Self argazkien lehiaketa ere egingo da.
Programa hauetan parte hartzeko izena eman behar da www.harrapazank.eus web orrian. Epea astelehen honetan hasi da eta otsailaren 5ean amaituko da.