Harreragune zerbitzuak 4.015 migratzaileri lagundu die Bilbon lehen urtean

Harreragune zerbitzuaren lehen urtearen balantzea egin dute
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 4 diciembre 2025 14:52

BILBO 4  (EUROPA PRESS)

Harreragune migratzaileentzako harrera zerbitzuak azaroan bete du lehen urte osoa Bilbon, eta 4.015 pertsona artatu ditu Colon Larreategi kaleko 3 zenbakian dagoen bulegoan, Justizia Jauregitik gertu.

Eusko Jaurlaritzako eta Bilboko Udaleko arduradunek zerbitzuaren lehen urteari buruzko txistena aurkeztu dute opstegun honetan 'Harreraguneren urtea: erronkak eta aukerak' jardunaldiaren barruan.

Bada, txostenaren arabera, bulegora hurbildu diren erabiltzaileak 88 herrialdetakoak izan dira, Maroko (%25), Kolonbia (%18) eta Aljeriakoak (%15) nabarmenduz. Venezuelatik (%5,5), Perutik (%4), Nikaraguatik (%3), Senegaletik (%2,4) eta Paraguai, Bolivia eta Brasildik (%2na) heldutakoak ere izan dira.

Harreragunera bertaratutako pertsona gehienak gazteak izan dira: 26 eta 35 urte bitartekoak %37 izan dira, 36 eta 45 urte bitartekoak %26 eta 18 eta 25 urte bitartekoak %17.

Zerbitzua Bilbon bizi diren edo bertan euren bizilekua ezarri nahi duten pertsonentzat pentsatuta badago ere, urtean zehar inguruko beste udalerri batzuetako 448 pertsona ere hurbildu dira, batez ere Barakaldo (%11), Getxo (%7), Basauri eta Sestao (%6na) eta Santurtzikoak (%4).

Agerrealdian azaldu dutenez, Harreragune lehen arretako eta informazioko zerbitzua da, "etorriberrientzako lehen atea". Bertaratzen diren pertsona guztiak hartzen dira hasieran harreran, eta, ondoren, zerbitzuak artatzen ditu, batez beste bederatzi minutuko itxarote denborarekin eta pertsona bakoitzeko 30 minutuko batez besteko arretarekin.

Eskaera nagusiak gai juridikoekin lotuta daude (%26, atzerritartasuna, asiloa eta hitzordua lortzea barne, eta ondoren, gai sozialekin (%15), prestakuntzarekin eta oinarrizko premien estaldurarekin (%9), erroldatzearekin (%8) eta, neurri txikiagoan, osasun arretarekin eta enpleguarekin (%6na).

Harreraguneko lantaldeak erantzun pertsonalizatua ematen die pertsonei, eta beren beharretara hobekien egokitzen diren zerbitzu publikoekin eta gizarte erakundeekin konektatzen ditu, udalen eta autonomia erkidegoen baliabideekin koordinatuta.

ZERBITZU ESPEZIALIZATUAK

Harreragunek hainbat zerbitzu espezializatu ditu, lehen arreta osatzen dutenak: atzerritartasuneko aholkularitza juridikoa, prestakuntza eta lan orientazioa, laguntza psikosoziala familia berrelkartzeko prozesuetan eta gizarte eta kirol bitartekotza.

Horrela, atzerritartasuneko zerbitzu juridikoak 1.178 pertsona artatu eta 3.026 kontsulta kudeatu ditu; horietatik 2.948 atzerritartasun arloko administrazio prozedurei lotuta egon dira zuzenean.

Prestakuntza eta lan orientaziorako zerbitzuak 817 pertsona artatu ditu, 2.131 kontsultarekin; %87 prestakuntzarekin lotuta egon dira, eta %13 enpleguarekin.

Familia berrelkartzen laguntzeko zerbituari dagokionez, martxotik azarora bitartean 44 kasu izan dira, 89 lagun artatuz, gehienak berrelkartze ondoko fasean (%64). Artatutako familia gehienak Nikaraguatik (%26), Kolonbiatik (%18), Venezuelatik (%16) eta Hondurasetik (%10) heldu dira.

Gizarte eta kirol bitartekotza zerbitzua irailaren 29an jarri zen martxan eta astean bi arratsaldetan ematen du arreta. Gazteei eta familiei kirol jardueretarako sarbidea errazteko, hirian eskuragarri dauden baliabideak identifikatzeko eta ekonomia, administrazio eta plaza oztopoak gainditzeko lan egiten du. Futbola da gehien eskatzen den kirola, eta, ondoren, kontaktu kirola, igeriketa eta boleibola.

HIZKUNTZAK

Bestalde, Harreragunek aldibereko itzulpen zerbitzua du arreta irisgarria bermatzeko, eta, horrela, azken 12 hilabeteotan, 34.128 minutuz erabili da 31 hizkuntzatan, arabiera izanik gehien eskatu dena.

Orobat, prestakuntzaren eremuan, euskarazko eta gaztelaniazko ikastaroak abiatu dira Bilboko Helduen Hezkuntzarako Ikastegiarekin lankidetzan. Abegi ikastaroak daude horien artean, 30na laguneko zortzi talderekin, eta hizkuntza ikaskuntza eta euskal gizartearen eta erakundeen ezagutza uztartzen dira.

Gainera, urtean zehar taldeko informazio saio ugari egin dira osasunerako sarbidea, hezkuntza, gizarte baliabide, atzerriko unibertsitate tituluen homologazio eta familia berrelkartzeko prozesuei buruz, besteak beste, hala Harreraguneren egoitzan bertan, nola hiriko beste espazio batzuetan.

Contador

Contenido patrocinado