Hego Euskal Herriko errenta aztertu dute EITBk eta Tokikomek Saretzen ekimenean

Hego Euskal Herriko errenta aztertu dute EITBk eta Tokikomek Saretzen ekimenean
TOKIKOM
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 28 noviembre 2025 11:00

BILBO 28 (EUROPA PRESS)

Euskal Irrati Telebistak (EITB) eta Tokikom Euskarazko Toki Komunikabideen Bateraguneak elkarrekin garatzen duten Saretzen datu kazetaritzako ekimenak Hego Euskal Herriko biztanleon errenta aztertu du.

Ekimenaren arduradunek iragarri dutenez, Hego Euskal Herriko argazki orokorra egiteaz gain, Tokikomeko komunikabide bakoitzak bere inguruko egoera ere aztertu du, datu globalak herritarron egunerokoan nola islatzen diren kontatzeko.

Nazio mailako eta tokian tokiko adituen azalpenak eta herritarren bizipenak ere jaso dituzte hedabideek, datu multzo soilari ahalik eta kolore gehien eman eta ulergarrien egiteko.

Hona hemen ostiral honetatik hasita eta hurrengo egunotan ere #ErrentaSARETZEN traolarekin argitaratuko diren lanetako batzuk: Aiurri (Beterri-Buruntza), Anboto (Durangaldea), Ataria (Tolosaldea), Begitu (Arratia), GITB (Goierri), Goiena (Debagoiena), Guaixe (Sakana), Guka (Urola Kosta), Hiruka (Uribe Kosta) eta Orain-EITB (Euskal Herria).

EITBk eta Tokikomek 2023an abiatu zuten Saretzen ekimena, datu kazetaritzaren kulturan sakondu, elkarlana sendotu eta euskarazko hedabideen edukia aberasteko.

Behin gaia aukeratuta, datuen azterketa elkarlanean egiten dute hedabideotako kazetariek, eta sortzen diren edukien uztarketa eta trukea sustatzen dute, aukeratutako gaiak bakoitzak bere ikuspegi propiotik gizarteratzeko.

Klima aldaketa, migrazioa, banketxeen presentzia, etxebizitza, maskotak, mugikortasuna edo kultur ekoizpena bezalako gaiei heldu die orain arte Saretzen ekimenak.

Contenido patrocinado