Helduen euskalduntze alfabetatzearen erronkak aztergai Glotodidaktikako VI. Topaketan, Bilbon

Glotodidaktikako VI. Topaketa aurkeztu dute
UEU
Actualizado: miércoles, 31 octubre 2018 13:21

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Glotodidaktika sailak eta HABEk "Helduen Euskalduntze Alfabetatzea aurrera begira" Glotodidaktikako VI. Topaketa antolatu dute elkarlanean, Euskaltzaindiaren laguntzarekin. Jardunaldiaren helburua da euskararen biziberritze prozesuaren egoera aztertzea eta helduen euskalduntze alfabetatzea horren baitan kokatzea. Topaketa azaroaren 9an eta 10ean izango da, Bilbon, eta matrikula zabalik dago www.ueu.eus web orrian.

Jardunaldiak asteazken honetan aurkeztu dituzte prentsa agerraldian Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Jokin Azkue HABEko zuzendariak eta Arkaitz Zarraga topaketaren koordinatzaileak, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan.

Zarragak topaketaren helburuak eta arrazoiak eman ditu. Horrela, azken topaketa egin zenetik, gauza asko aldatu direla adierazi du: ikasleen tipologia aldatu egin da, glotodidaktikaren inguruko hausnarketan aurrerapausoak gertatu dira, metodologia eta tresna berriak dauzkagu, zeregin berriak sortu dira eta, oro har, gure egitekoan erronka berriak agertu dira.

"Euskara biziberritzeko prozesua bera ataka berrian dago. Oso zabaldua dago une garrantzitsuan gaudelako ustea. Bultzada berri bat eman behar diogu euskarari, beste hizkuntzekiko berdintasunerako bide horretan. Erronkak ugariak dira: ezagutza hedatzea, ezagutzatik erabilerarako urratsa ematea, euskara esparru berrietara hedatzea", azaldu du.

Halaber, euskaltegiek ere garai batean izan zuten "erkargarritasuna" berreskuratu behar dutela adierazi du. Izan ere, bere hitzetan, "sarritan azterketen eta egiaztatze prozesuen morroi bihurtzen gara eta, beharbada, ez gara kapazak beste hainbat erronkari aurre egiteko. Burua apur bat altxatu eta gure egitekoa eta egin dezakegun ekarpenaz aztertzeko une egokia izan daiteke".

"ELKARLANERAKO ABIAPUNTU"

Horrela, topaketa "elkarlanerako abiapuntu bat" izatea nahi dutela nabarmendu du. "Sektore handia gara eta denon ekarpenak beharrezkoak izango dira. Baina sektoretik kanpo dauden eragileekin ere elkarlana bilatu nahi dugu: euskalgintzarekin, unibertsitateekin, plangintzetan ari direnekin. Lehen pauso bezala, izen eta sigla asko bildu ditugu topaketa honen baitan: HPS, Kontseilua, HABE, AEK, IKA, Gabriel Aresti, Udal Euskaltegiak,EHU, Dustuko Unibertsitatea, Begoñako Andramari Irakasle eskola, Azpeitiko Udal Patronatua, Elhuyar, Osakidetza. Aurrerantzean ere elkarlan honi eusten saiatuko gara".

Bestalde, Sarasolak gogoratu du hiru helburu nagusik bultzatzen dutela egunero UEU bere jarduna egitera: goi mailako kalitatezko euskarazko formakuntza eskaintzea, eskaintza hori tokian tokiko gizarteak dituen beharrei uztartzea, eta ezagutza hori partitzeko foroak eskaintzea. Horrela, topaketa helburu horien "adibide ezin hobea" dela nabarmendu du.

Era berean, topaketa antolatzeko garaian HABEren elkarlana eta Euskaltzaindiaren laguntza azpimarratu ditu: "UEUn elkarlanaren filosofia sustatzen dugu, indarrak biltzea gure jakintza, kultura eta hizkuntza indartzea dela sinesten dugulako. Eskerrik asko guztioi egindako lanagatik eta jarrai dezagun sinergiak biltzen".

Azkenik, Azkuek adierazi du irakasleen prestakuntzaren ardatza euskaltegiaren proiektua izan behar duela, eta hori bideratzea xede. "Ez horrenbeste norberaren interesekin lotua: prestatu berritzeko eta ikasle guztien arrakasta bermatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da gizarteak dituen erronkei begira jartzea. Baina ez luke banakakoa izan behar, kolaboratzailea baizik, sarean oinarritua eta partekatua", azaldu du.