Henrike Knörren 67 idazlan "ez hain ezagunak" bildu ditu Euskaltzaindiak liburu batera

Omenaldiko parte hartzaileak.
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 7 noviembre 2022 13:39

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak Henrike Knörren 67 idazlan "ez hain ezagunak" bildu ditu 'Henrike Knörr (1948-2008) Idazlan hautatuak. Textos escogidos' liburura, euskaltzain arabarra jaio zeneko 75. urteurrenaren kariaz.

Akademiak eta Arabako Foru Aldundiak Henrike Knörr euskaltzain osoari gorazarre egin diote astelehen honetan Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan (Etxezarra eraikinean), euskaltzain gasteiztarra jaio zeneko 75. urteurrenaren harira, eta ekitaldian aurkeztu dute liburua.

Euskaltzain arabarrari eginiko gorazarrean hainbatek parte hartu duten: Henrike Knörren familiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Halaber, onomastika gaiak ardatz hartuta, mintegi labur eta trinkoa antolatu du Akademiak (Henrike Knörrek bereziki gogokoa izan zuen onomastika eremua bere jarduera akademikoan). Jardunaldian parte hartu dute Ana Boullon Toponomasticon Hispaniae proiektuko koordinatzaileak, Patxi Salaberri euskaltzain oso eta ToponHisp proiektuko Euskal Herriko lantaldearen ikertzaileak eta Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak.

Horrez gain, euskaltzainaren 67 idazlan "ez hain ezagunak" biltzen dituen liburua aurkeztu da ekitaldiaren barruan. 'Henrike Knörr (1948-2008) Idazlan hautatuak. Textos escogidos' argitalpena Roberto Gonzalez de Viñasprek paratu du, Garikoitz Knörren laguntzarekin.

"Idazlanen hautapenean erabilitako irizpide nagusia izan da albo batean uztea Internet bidez aise eskura daitezkeenak. Horien ordez, urteetan aldizkari eta egunkari askotxotan eta, oro har, zabalkunde laburreko argitalpenetan, Henrike Knörrek idatzitako artikuluak jaso dira. Era honetan, mamitsuak eta interesgarriak diren idazlanak errazago jarri dira egungo irakurleen eskura, egilearen ekarriaren ikuspegi osatuagoa izan dadin", adierazi du González de Viñasprek.

Artikuluetan gai ugari jorratzen dira, baina, batez ere, onomastika kontuak, euskararen historia eta euskarazko testu zaharren azalpenak. Liburuaren osagarri, Knörr-Santiago familiak utzitako hainbat argazki bildu dira. Azkenik, EHUk 2021eko Henrike Knörr bekaren emaitzak agertu ditu, eta, bide batez, 2022ko deialdia egin da.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado