Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira udaberrian ospatuko

Elorrioko Ibilaldia
IBILALDIA
Actualizado: viernes, 3 abril 2020 11:05

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Ikastolen Elkarteak jakinarazi du ezin izango dituztela udaberriko jaiak ospatu iragarritako datetan, alegia, Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez direla udaberrian ospatuko, Covid-19 gaitzak eragindako egoera dela eta. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak egin du iragarpena, ostiral honetan, bideokoferentzia bidez egindako agerraldian.

"Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatz eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea. Uneotan beste lehentasun handi batzuk ditugu, gizateria eta gizarte mailakoak, eta larrialdi egoera global hau amaitu bitartean, ezingo dugu ospakizunik egin, are gutxiago ikastolen jaien tamainakorik", azaldu du.

Horrela, Kilometroen eredu berriari jarraiki aste hauetarako antolatuta zeuden Milimetroak jaiak bertan behera utzi behar izan ziren iragarritako datetan, eta, era berean, ezin izango dira udaberriko jaiak ere ospatu iragarritako datetan, alegia, Iparraldeko, Bizkaiko eta Arabako ikastolen aldeko Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz jaiak ez dira udaberrian ospatuko.

Edonola ere, Tellituk esan du jaiak udaberrian ospatuko ez diren arren, ez dira bertan behera geratuko, eta Ikastolen Elkartearen baitan, bost jaietako arduradun eta ikastola antolatzaileekin batera, aztertzen ari dira Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz beste data batzuetara eramatea.

"Konplikatua" dela aitortu du, "udazkena bitartera baikoaz", eta orduan ere beste bi jai baitituzte ikastolek. Horrela, "egun edo aste batzuk" hartuko dituzte egoera taldean aztertu eta erabakiak hartzeko. "Talde mailan hartuko ditugu erabakiak eta jakinaraziko dizkizuegu",
adierazi du.