BILBO 8 Sep. (EUROPA PRESS) -
Hiru Hiriburuak txapelketarekin ekingo zaio emakumeen esku pilotako denboraldi berriari, udako sasoiaren ondoren, eta parte hartzeko izena emateko epea astelehen honetatik irailaren 18ra arte dago zabalik, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.
Parte hartze erabat irekia izan da txapelketaren arrakastaren zutabe nagusienetako bat, eta, oinarri horri tiraka, Hiru Hiriburuak lehiaketan hala nahi duten emakume guztiek hartu ahal izango dute parte, inolako mugarik gabe. Interesa duten emakume guztiek www.emakumemastercup.eus webgunean eman ahal izango dute izena, erabat dohain.
Emakume pilotari bakoitzak bere behar eta ahalmenei egokitzen zaion txapelketa bat izan dezan, aurten hiru mailatan banatuko da txapelketa, hirurak pilota mistoarekin, gazte, promesa eta elite mailetan, hain zuzen ere.
Txapelketa irailaren 27an hasiko da, finalerdiak urriaren 5ean jokatuko dira eta finala urriaren 12rako dago iragarria, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Txapelketaren finalak ETB1ek emango ditu zuzenean.