Hizkuntza eskakizunak eguneratu eta lanpostu bakoitzeko beharretara egokitzeko prozedura hasi du Jaurlaritzak

Archivo - HABEren azterketa
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 2 septiembre 2025 12:51

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak euskarazko komunikazio-mailen ebaluazioa eta egiaztatzea arautzen dituen eta euskara ikasle helduentzako diru laguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituen 2020ko irailaren 9ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindua aldatzeko prozedura abiatu du, astearte honetako gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak iragarri duenez.

Bengoetxeak esan du aldaketa egitea beharrezkoa dela Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua garatzeko. Azaldu duenez, dekretuaren helburu nagusia, oinarrian, administrazio guztietan eta sektore publiko osoan herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskararen erabileran sakontzea da.

"Honek, besteak beste, herri erakundeei lanpostu zehatzetan hobeto egokitutako hizkuntza eskakizunak ezartzeko eta malgutasunez bideratzeko aukera ematen die. Hala, dekretuak aukera hori zabaldu die sektore publikoa osatzen duten 150.000 lanposturi, beti ere, erakunde bakoitzaren errealitate linguistikoaren arabera", zehaztu du.

Horrela, lehendakariordeak adierazi duenez, 9/2020 aginduan egiten den aldaketa nagusia da "HABEri eskumena ematea dekretuan jasotzen diren hizkuntza eskakizun berriak edozein herritarrek HABEren azterketa deialdietan egiztatu ahal izateko".

"Hala, sektore publikoan sortzen ari diren eta sortuko diren hizkuntza eskakizun berrien beharretara egokituko dira HABEren egiaztatze prozesuak", gaineratu du.

Hizkuntza eskakizun berriak bi dira. Alde batetik, hizkuntza eskakizun asimetrikoak daude, eta hauen helburua da hizkuntza eskakizunak lanpostu bakoitzaren funtzioetara eta beharretara hobeto egokitzea, erakunde bakoitzaren lanpostuen eginbeharren errealitatea kontuan izanik.

Hizkuntza eskakizun hau emango da lanpostu jakin bateko ahozko eta idatzizko gaitasunak desberdinak direnean, eta, kasu gehienetan, ahozko trebetasunek garrantzi edo pisu handiagoa duten lanpostuak dira, adibidez: B2C1 maila, hau da, B2 maila idatziz eta C1 maila ahoz, edo B1B2 maila, hau da, B1 idatziz eta B2 ahoz.

Beste alde batetik, hizkuntza eskakizun partzialak daude. Hauen helburua da desgaitasuna duten pertsonei hizkuntza trebetasunak egiaztatzeko aukera ematea euren ezaugarrietara egokituz; adibidez, gormutuen kasuan, idazmena eta irakurmena egiaztatzeko aukera zabalduko zaie, ahozkoa eta entzumena egiaztatu gabe, eta desgaitasun psikikoen kasuan, mintzamena eta entzumena bakarrik egiazta dezakete.

Horretaz gainera, azterketa egiteko denbora muga kendu da eta, horrela, azterketa hobeto egokituko da azterketarien ezaugarrietara.

BEHARREI ERANTZUN

Ibone Bengoetxeak agerraldia amaitu du nabarmenduz erakundeetako eta lanpostuetako beharrei erantzuten diela aginduaren aldaketak, dekretuak jasotakora egokituz eta hura garatuz.

"Ahalik eta zerbitzu publiko onena eman nahi diogu herritarrari. Herritarraren hizkuntza eskubideak bermatu nahi ditugu, pertsonak erdigunean jarriz. Euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzen dugu, etengabe, eta horretarako beharrezkoak diren tresnak garatzen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu", azaldu du.

Gainera, hiru aldaketa tekniko egingo dira aginduan, hiru gairekin zerikusia dutenak: euskaltegietan maila guztiak egiaztatzeko aukera zabaltzearekin, baldin eta horretarako baldintza akademikoak ematen badira; euskara ikasteko doakotasun programaren alderdi teknikoekin; azterketen deialdien egiaztatzegintza prozesuaren eraginkortasuna hobetzearekin.

Aginduan aldaketak egiteko prozedura hasi da dagoeneko, eta aurreikuspena da HABEren udazkeneko azterketa deialdirako hizkuntza eskakizun berriak egiaztatu ahal izatea. Prozesuan zehar ekarpenak egiteko aukera izango da.

Contenido patrocinado