Ibilaldiak lau gune izango ditu eta haietakoren batean parte hartzeko izena eman beharko da

Betiko eta Ander Deuna ikastoletako eta Ikastolen Elkarteko arduradunak.
IBILALDIA ELKARTEA
Actualizado: miércoles, 12 mayo 2021 15:59

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolek 'Kalakalata!' lelopean maiatzaren 30ean Sopelan antolatuko duten Ibilaldia ezohikoa izango da, pandemiak eraginda, eta ez du ibilbiderik izango, ez eta janari eta edari zerbitzurik eta kontzertu erraldoirik ere. Halere, lau gune nagusi izango ditu herrian zehar banatuta, eta haietakoren batean izango diren ekintzetan parte hartzeko izena eman beharko da Ibilaldiaren webgunean.

Bi ikastolotako eta Ikastolen Elkarteko arduradunek asteazken honetan eman dituzte aurtengo Ibilaldiaren xehetasunak, Bilbon egindako prentsa agerraldian. Azaldu dutenez, edizio honen ezaugarriak kontuan izanda, ezinezkoa izango da gune batetik bestera mugitzea, eta erabiltzaileak aukeratu egin beharko du.

Zentzu horretan, Ibilaldia egunean guneren batean parte hartu ahal izateko eta bertan izango diren jarduerez gozatzeko, aurretik Ibialaldiaren webgunean izena eman beharko da, horrela egin ezean, ez baita aukerarik izango guneotan sartzeko.

Guneak non kokatu aukeratzeko orduan irizpide nagusietako bat izan da pandemiaren ondorioz bete behar diren osasun neurriak ahalik eta bermerik handienarekin egiteko aukera ematen duten lekuak izatea, besteak beste. Horrela, berezko babesa edota ixteko erraztasunak eman ditzaketen tokiak hautatu dira.

Ibilaldian zehar antolatuko diren jarduera ezberdinetan adin guztietako pertsonek leku izan dezaten saiatu dira antolatzaileak, baina
familian helduak eta umeak elkarrekin bizitzeko dira nagusiki.

Horrela, Sua Gunea Ander Deuna ikastolan kokatu da. Zurezko jokoak eta dantza tailerra eskainiko dira bertan, bai eta 'Deabru Beltzak' ikuskizuna ere. Hasiera ekitaldia ere han izango da: 09:15ean hasiko da, lagun kopurua guztiz mugatuta, eta instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariek parte hartuko dute. Ekitaldian, Ander Deuna eta Betiko ikastolek lekukoa pasatuko diote 2022ko Ibilaldia antolatuko duen Bilboko Abusu ikastolari.

Bigarrenik, Ura Gunea Barinetxeko goiko aparkalekuan egongo da, hondartza gainean, itsasoari begira eskuineko aldean. Haurren hondartza lantegiak izango dira bertan, eta bi jarduera antolatuko dira nagusiki: batetik, munduko beste herri batzuetako kultura ezagutzea, Saharar herriaren kulturaren ezagutza, hain zuzen; eta bestetik, haurren hondartza diseinatuko dute umeek. Hondartzan ur jolasak ere izango dira.
Ikuskizuna ez dago zehaztuta une honetan, baina bertan urarekin zerikusia duen zer edo zer egin nahi dute.

Halaber, Haizea Gunea ere Barinetxeko goiko aparkalekuan kokatuko da, itsasoari begira ezkerreko aldean. Kometa eta perkusio tailerrak izango dira bertan, eta zirku ikuskizun bat ere antolatuko da. Azkenik, Lurra Gunea Larrabasterrako Urgitxieta plazan eta inguruan egongo da. Talo eta Tai Txi lantegiak izango dira bertan, eta 'Gora Kasete' ikuskizuna.

AZOKA

Bestalde, gunea izango ez den arren, Sopelako Udaletxe plazan 25 bat erakustoki izango duen azoka jarriko da, bertan eskaintzen diren produktuak ikusteko eta erosteko. Kasu honetan ez da beharrezkoa izango aurretik izena ematea.

Maiatzaren 30ean Sopelara heltzea guztiontzat errazagoa eta erosoagoa izan dadin, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, Metro Bilbao edo Bizkaibus, hain zuzen.