BILBO 20 Jul. (EUROPA PRESS) -
Lotura prozesu, material zein teknologietan aditua den IK4-Lortek zentro teknologikoak Agite plataforma berria merkaturatu du, enpresen eraldaketarako kudeaketa integrala bultzatuko duen plataforma, hain zuzen, Mondragon Korporazioko iturriek jakinarazi dutenez.
Urte askotan zehar plataformaren sorreran eta programazioan lan egin ondorengo ondorioa izanik, 2013. urtean sendotzea posible izan da Gipuzkoako Foru Aldundiari esker, Agite plataforma eta bere lan egiteko filosofia, berrikuntza eta enpresak bultzatzeko tresna egoki bezala ikusi baitu, aipaturiko iturrien arabera.
Agite tresna merkaturatzea "estrategikoa" da IK4-Lortek zentroarentzat, enpresen eraldaketa modu eraginkorrenean egin ahal izateko errazten duen tresna malgua izanik. Horrela, IK4-Lortek "erabat murgilduko da sistema hauek ezartzen enpresetan eta jasangarriak izan daitezen".
IK4-Lortek izan da proiektuaren buru, eta bere garapenean, programazioan, diseinuan, maketazioan eta komunikazioan adituak diren enpresek hartu dute parte. Zentroak eduki nagusiak sortu ditu eta azkenik proiektuari koherentzia ematen saiatu da oro har.
Agite plataforma ETE, garapen agentzia zein enpresa handiei zuzendua dago, eta bere malgutasun eta pertsonalizazio maila altuari esker, erakunde bakoitzaren beharrizan zehatzetara egokitzea uzten du. IK4-Lortek zentroak "ahalegin handiak" egin ditu plataforma intuitibo bihurtzeko, erabiltzeko erraza eta erabiltzaile mota guztiei modu arin eta eroso batean parte hartzen utziko diena.
Tresna berriak enpresetako berrikuntza prozesuetan eraginkortasun maila areagotzeko aukera ematen du, jakintza balioan bilakatuz. Behaketa sistema, adituen sarea, sormena, roadmap eta, besteak beste, produktuen merkaturatzea eta jakintzaren kudeaketa antolatzeko ahalmena ematen du. Tresna modularra da eta modulu berriak ezartzeko aukera ematen du, non enpresa bakoitzak bere lan-taldeak kudeatu ditzake enpresen erronken eta proiektu garrantzitsuenen arabera.
Hau guztiaz gain, Agite plataformaren ezarpenarekin, enpresa UNE 166002:2006 arauarekin bat dator, eta enpresaren erabakia da agiria eskuratu ala ez.
IK4-LORTEK
IK4-Lortek zentro teknologikoa Goerriko berrikuntza gunean dago, Ordizian (Gipuzkoa). Ingurune industrial batean dago, sektore garrantzitsuetako liderrak diren enpresaz inguratuta, non beraien ziklo produktiboetan lotura prozesuak erabili dituzten tradizionalki.
Horregatik, IK4-Lortek urteak daramatza soldadura arloan, industria arloei erantzun bat emateko lanean eta lotura teknika nagusietan aditua bihurtu da.
IK4-Lortek 2002an sortu zen. Bere helburua lotura teknologietan ezagutza handia lortzea da, eta, aldi berean, estatuan erreferente izatea lotura teknologietan eta antzerako prozesuetan, Europan zentro ezaguna bihurtuz.