DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)
Ikastetxe eta bestelako hezkuntza zentroetan Euskaraldia lantzeko haur eta gaztetxoei zuzendutako proposamen didaktikoak ondu dituzte. Ikasleek etxeetara "euskararen erabileran jauzi bat egiteko proposamena" eramatea da asmoa, gurasoen eta inguruko helduen "xaxatzaile" izanda.
Euskaraldiko lantaldeak Ikastolen Elkarteko kideekin elkarlanean prestatu dute ikastetxe zein bestelako zentroetan ariketa lantzeko materiala, eta proposamen didaktiko horiek asteazken honetan aurkeztu dituzte Errenteriko (Gipuzkoa) Lekuona fabrikan.
Agerraldian parte hartu dute Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, Xabi Lasa Ikastolen Elkarteko hizkuntza egitasmoetako mahaiburuak eta Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko hizkuntza egitasmoetako kideak.
Maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketan 16 urtetik gorako belarriprest eta ahobiziek eman dezakete izena. Izan ere, Goiatz Urkijok esan duenez, "uste dugu ariketa honek helduak interpelatu behar dituela, gaztetxo horien aurrean eredugarri izan daitezen". Edonola ere, horrek ez du esan nahi haur eta gaztetxo horiek Euskaraldian ez dutenik egiteko garrantzitsurik.
Euskaraldiaren helburua euskararen erabilera areagotzea da, euskara erabiltzeko aukerak biderkatuz eta hizkuntza ohiturak aldatuz euskaraz gehiago aritzeko. Hori lortzeko, herritar guztiei lehen hitza euskaraz egitea proposatzen die ariketak, eta horrez gain, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duen horri ere euskaraz egitea eskatzen die. Urkijok zehaztu duenez, "bi egiteko modu horiek sustatuz, uste dugu euskararen erabileran pauso handiak eman ditzakegula".
Bada, proposamen didaktikoak Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dira, horiek baitira haur eta nerabeak biltzen dituen ingurune naturalak. Gainera, "ikastetxeek ezinbesteko ekarpena egin diote euskararen biziberritzeari, bai ikasleei dagokienean eta baita gurasoei dagokienean ere", gaineratu du Euskaraldiko koordinatzaileak.
"Badakigu, gainera, ikastetxe askok oso gustora hartzen dituztela Euskaraldiaren inguruko lanketak" zehaztu du Urkijok, eta eskerrak eman dizkie Euskaraldia euren eremuetan modu horretan sustatzeagatik.
"XAXATZAILE"
Bada, Euskal Herriko gaztetxoek egiteko garrantzitsuak dituzte Euskaraldian, hala ariketa bitartean nola aurretik, eta, etorkizuneko parte hartzaileak izateaz gain, euren etxeetan erabileran aldeko "ezinbesteko pedagogia" egin dezakete, ariketaren nondik norakoak azalduz eta Euskaraldiak proposatzen duena etxeetan egitera animatuz.
Goiatz Urkijoren hitzetan "Euskaraldiaren xaxatzaileak" izango dira, "akuilua erabiliz etxeetan erabileraren aldeko deia egingo dutenak". "Izan ere, etxe askotan euskararen berri haur eta nerabe horien eskutik etortzen da soilik", gaineratu du.
Euskaraldiko lantaldeak ikastetxe guztiei material hau erabiltzeko gonbitea egin die, ikastetxe publiko, ikastola, kristau eskola eta bestelako zentroetako kideei, hain zuzen ere. Proposamenak www.euskaraldia.eus webgunean aurki daitezke.
BI HELBURU
Ikastolen Elkartearekin batera prestatutako material didatikoak bi helburu ditu: batetik, haur eta gazteei, Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea, eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea eta haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen.
Horretarako, orain arte ez bezala, eta Euskal Herriko hezkuntza sistema ezberdinei erantzuteko adin tarteka osatu dira proposamenak: 'Altxa' (3-9 urte), 'Dantza' (9-12 urte) eta 'Jalgi' (12-16 urte).
"Proposamen guztiek egitura berbera dute, oro har, ikastetxeetan aplikatzeko lana errazteko eta ikasleen arteko kidetzeak antolatzeko modua emateko", adierazi du Ikastolen Elkarteko Xabi Lasak.
Horrela, proposamenek Euskaraldiaren aurretik, ariketan martxan dela eta ondoren egiteko jarduerak eskaintzen dituzte, adin tarte bakoitzaren ezaugarrietara egokituta: "Labur esanda, material didaktiko honetan hezitzaileek zera aurkituko dute: Euskaraldiaren inguruan egiteko 11 jarduera ikasleekin hizkuntzari buruz hausnartzeko eta bizipenak partekatzeko".
Gainera, materialaren moldagarritasuna nabarmendu nahi izan dute Ikastolen Elkarteko kideek, material didaktikoak 11 jarduera eskaintzen dituen arren, ez dutelako sekuentzia itxi bat osatzen. Beraz, haurren ezaugarriak kontuan izanik, hezitzaileek zein jarduera egingo dituen eta nola aukeratu ahal izango du.
"Ildo horretatik, material hau ez da eskola giroan erabiltzeko, soilik. Haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko aisialdi nahiz kultur ekimenak abian dituzten euskara elkarte, aisialdi talde eta antzekoetan ere erabilgarria dela uste dugu. Horregatik begiratu on bat eman eta materiala erabiltzera animatu nahi ditugu haur eta nerabeekin modu baten zein bestean aritzen diren guzti- guztiak", azaldu du Inma Muñoak.