BILBO 16 (EUROPA PRESS)
Ikastolen Elkarteak dei egin du Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako Bilbao Arena pabiloian antolatutako 'Euskaraz bizitzeko Pizkundea' ekitaldian parte hartzera eta aretoa "euskaltzalez betetzera".
Ikastolen Elkarteak prentsa ohar bidez adierazi duenez, ekitaldiak "urteetan metatutako kezka eta eskakizunei erantzun kolektibo bat eman nahi die: etsipenetik urrundu eta indarraldi berri bati ateak zabaltzea, euskaraz bizitzeko nahia eta konpromisoa agerian utzita".
"Kontseiluak azaldu duen bezala, helburua da milaka euskaltzale biltzea, euskararen normalizazioan atzerapauso arriskutsuak ekar ditzaketen oldarraldi judizial eta politikoen aurrean herri erantzun sendo eta baikorra emateko", adierazi du.
Horrela, Ikastolen Elkartaren arabera, larrialdi egoera honetan, "euskaraz bizi nahi den herri bat dagoela erakutsi nahi da, eta euskararen aldeko politika ausart eta eraginkorrak exijitu, hizkuntza berdintasuna, justizia soziala eta gizarte kohesioa bermatzeko".
Bada, ikastolen mugimenduak bat egin du deialdiarekin eta "garrantzi berezia" eman dio "indar erakustaldi handi bati". Ikastolen ustez, egungo testuinguruan, "ezinbestekoa da euskararen aldeko jendarte zabalak ikusgarritasun politiko eta sozial handiko ekitaldi batean bere ahotsa eta presentzia agertzea".
"Ikastolak hezkuntza sare euskaldun komunitarioa gara, eta egunez egun ikusten dugu familiek eta haurrek euskaraz bizitzeko dituzten oztopo eta aukerak. Horregatik, uste sendoa dugu: Bilbao Arena betetzea ez da ekintza sinboliko hutsa, baizik eta mezu argi bat euskal gizartearentzat eta erabaki guneentzat", azaldu du.
Mezu hori hiru ideiatan laburbildu Ikastolen Elkarteak: "Euskaraz bizi nahi dugula, euskara guztion ardura dela, eta hizkuntza politikan jauzi sendoa ezinbestekoa dela".
EGUNEROKO PIZKUNDEAK
Halaber, Ikastolen Elkarteak nabarmendu du ikastolak "eguneroko pizkunde txiki eta handien eszenatoki" direla, hau da, "haurrek lehen hitzak euskaraz esaten dituzten tokia, gurasoek euskarara hurbiltzeko urrats ausartak egiten dituzten plaza, eta euskaraz ikasi eta sortu nahi duten gazteek beren lekua topatzen duten komunitatea".
"Baina ikastolen lana ez da nahikoa izango gizartearen babes eta inplikazio zabalik gabe; horregatik, ezinbestekoa da euskaltzale, familia eta hezkuntza eragileek plaza publikoan ere indarra erakustea", gaineratu du.
Ikastolen Elkarteak, beraz, dei argia egin dio Euskal Herriko ikastolen komunitate osoari eta, bereziki, gurasoei, abenduaren 27an Bilbao Arenara joan daitezez. Gonbidapena zabaldu du ikastolen sareko guraso, irakasle, langile, ikasle ohi eta lagun guztiei, baita euskararen aldeko konpromisoa duten herritar guztiei ere. Sarrerak www.pizkundea.eus atarian eskuratu daitezke.
Ikastolen Elkartearen arabera, 'Euskaraz bizitzeko Pizkundea' ez da ekitaldi isolatu bat izango, baizik eta "mugarri bat euskararen aldeko pizkunde berri baterako". "Ikastolak han egongo gara, lehen lerroan, familien eta euskararen aldeko gizarte eragileen ondoan", ziurtatu du.
Azkenik, Ikastolen Elkarteak herritar guztiak animatu ditu Bilbao Arena "euskaltzalez betetzera, elkarrekin arnasa hartu, indarrak batu eta etorkizunari euskaraz begiratzeko".