Informatikari Euskaldunen XIV. Bilkurak jauzi kuantikoa izango du ardatz ostegunean Donostian

Informatikari Euskaldunen XIV. Bilkurak jauzi kuantikoa izango du ardatz ostegunean Donostian
UEU
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 11 noviembre 2026 15:50

DONOSTIA 11 (EUROPA PRESS)

UEUko Informatika sailak Informatikari Euskaldunen XIV. Bilkura antolatu du ostegunerako, azaroaren 12rako, Donostiako Ignacio Mª Barriola zentroan, eta gai nagusia jauzi kuantikoa izango da. Esperientziak trukatzea eta elkarlanerako espazioak sortzea dira lortu nahi diren beste helburuak.

UEUk nabarmendu du bilkurak 30 urte beteko dituela, lehenengoa 1996an egin baitzen, Donostian. "IEB informatika euskaraz lantzeko sortu zen, eta gaur egun ere horixe da gure helburu nagusia. Baina, horrez gain, bilgune bat ere bada: bi urtean behin, irakaskuntzako, ikerketako, industriako eta administrazioko profesionalak elkartzen gara, baita informatikazale asko ere. Balorazioa ona da", esan dute UEUtik.

30 urteotan informatikaren bilakaeraren lekuko izan garela adierazi dute, Internet, sare sozial, mugikor, burujabetza teknologiko, adimen artifiziala eta, aurten, konputazio kuantikoarekin. "Gai horiek guztiak euskaraz landu eta eztabaidatu ditugu. Baina badugu erronka bat: lekukoa hartuko duen belaunaldia behar dugu", gaineratu dute.

Antolatzaileek "arrazoi bat baino gehiago" izan dute jauzi kuantikoaren gaia aukeratzeko. Lehena, bilkuraren izaera bera, edizio bakoitzean, une horretan informatikan garrantzitsua dena euskaraz aztertzen baita.

"2024an adimen artifizial sortzailea izan zen. Aurten, konputazio kuantikoa. Teknologiaren inguruan gehiegizko itxaropenik jarri gabe baina garrantzia gutxietsi gabe, adituen eskutik lasai aztertu nahi dugu zer dagoen benetan, zer muga dituen gaur egungo teknologiak eta zer aukera ireki ditzakeen", azaldu dute.

Bigarren arrazoia gertutasuna izan dela esan dute: "Duela urtebete inauguratu zen Donostian Europako lehen IBM Quantum System Two ordenagailua. Beraz, teknologia hau ez dago hain urrun: Euskal Herrian bertan dugu, eta jardunaldiaren amaieran bisitatzeko aukera izango dugu gainera".

Hirugarrenik, informatikan izango duen eragina aipatu dute. "Konputazio kuantikoak problema jakin batzuei heltzeko beste paradigma bat eskaintzen du, eta badirudi ordenagailu klasikoekin batera erabiliko dela, sistema hibridoak sortuz. Horri buruz ikasteko aukera polita izango dugu", azaldu dute.

EGITARAUA

Bada, ostegun goiz osoan konputazio kuantikoari helduko diote, oinarrietatik aplikazioetara. Javier Aizpurua Iriazabal BasQ estrategia kuantikoaren zuzendari zientifikoak emango du hitzaldi nagusia, teknologiaren oinarriak eta Euskadin bizi dugun unea azaltzeko. Ondoren, Jose Antonio Pascualek (EHU) programazio kuantikoak dakarren paradigma aldaketaz hitz egingo du: zer aldatzen den eta zer ikasi beharko duten informatikariek.

Aitor Gomez-Tejedorrek (Tecnalia) ikerketaren egoera azalduko du, eta Aitor Morenok, berriz, laborategitik enpresetara dagoen bidea, hau da, enpresak dagoeneko zertan ari diren teknologia honekin. Aplikazio zehatz bat ere izango dute: Izaro Fernandez Iriondok (Biobizkaia) eta Amaia Telleriak (DIPC) konputazio kuantikoa alzheimerraren ikerketan nola erabiltzen ari diren azalduko dute.

Goizeko beste atal garrantzitsu bat komunikazioena izango da. Bertan ez dute kuantika bakarrik landuko, informatikan euskaraz egiten den lanaren erakusleiho ere izango baita. Hamar komunikazio daude programan, eta gai oso desberdinak jorratuko dituzte: osasuneko adimen artifiziala, euskarazko web-garapena, Wikipedia eta datu irekiak, software librea, idazketa-prozesuen analisia eta, baita ere, konputazio kuantikoak euskarazko adimen artifizial sortzaileari egin diezaiokeen ekarpena.

Beraz, jardunaldian kuantika izango da eguneko ardatza, baina komunikazioek informatikaren beste arlo batzuetan euskaraz egiten ari den lana ezagutzeko aukera egongo da. Arratsaldean, bazkaldu ostean, Donostiako IBM Quantum System Two ordenagailua bisitatuko dute.

Contador

Contenido patrocinado