Irene Arrarats euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Irene Arrarats Euskaltzaindiaren azaroko osoko bilkuran
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 28 noviembre 2025 12:01

BILBO 28 (EUROPA PRESS)

Irene Arrarats hizkuntzalari hernaniarra euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak ostiral honetan, Bilboko egoitzan egin duen azaroko osoko bilkuran, eta Andres Alberdiren hutsartea beteko du horrela. Orain, euskaltzain oso berriak zortzi hileko epea du sarrera hitzaldia prestatzeko.

Akademiak prentsa ohar bidez jakiarazi duenez, euskaltzain osoek bozketa egin dute Andres Alberdi emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Irene Arraratsek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.

Andres Alberdi emeritu izatera igaro zen uztailaren 1ean, 75 urte bete baitzituen egun horretan Getariako (Gipuzkoa) hizkuntzalariak, eta hilabete horretan bertan zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea.

Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek urriko osoko bilkuran, hain zuzen, Irene Arrarats, eta ostiral honetako bilkuran izendatu dute euskaltzain oso hizkuntzalari hernaniarra.

Orain, zortzi hilabeteko aldia izango du euskaltzain oso berriak sarrera hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera ekitaldia egingo da.

IRENE ARRARATS

Irene Arrarats Lizeaga (Hernani, Gipuzkoa, 1967) Geografia eta Historian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalean, euskarazko prosa lantzeari lotu zaio hasieratik, kazetaritzako idazkuntza lantzeari bereziki, eta alor horretan dihardu orain ere.

Euskaldunon Egunkarian aritu zen 1991tik 2003ra arte, estilo zuzentzaile eta itzultzaile lehenbizi, eta euskara arduradun gero. 2003an bertan hasi zen euskara arduradun Berria egunkarian, eta horretan dabil harrezkero. 2001ean argitaraturiko Egunkariaren azken estilo liburuaren egileetako bat izan zen, eta orain Berriaren estilo liburuaren zuzendaria da. Era berean, hizkuntzari buruzko 'Ezer ez eta festa' podcastaren egileetako bat da.

Euskaltzaindiarekin ere hartu-eman handia izan du Arraratsek 2007az geroztik, eta zenbait batzordetan aritzen da: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-). Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2018an.

Irene Arraratsek feminismoa eta euskara uztartu ditu bere ekarpen teorikoetan. Itzultzaile ere aritzen da, eta, besteak beste, Monique Wittigen 'Pentsamendu heterozuzena' (2017, beste batzuekin batera), Simone de Beauvoirren 'Bigarren sexua saiakera' (2019), Nancy Fraserren 'Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat' (2021, beste batzuekin batera), Marjane Satrapiren 'Persepolis' komikia (2023) eta Atef Abu Saiden 'Gazako egunerokoa' lekukotasun liburua (2024) euskaratu ditu.

101 EUSKALTZAIN OSO 1918TIK

Euskaltzaindiak 101 euskaltzain oso izendatu ditu 1918tik gaurdaino, eta gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 12 euskaltzain emerituz osatua da Akademia.

Euskaltzain osoen artean 13 gizonezko eta 11 emakumezko daude: Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Sagrario Aleman, Irene Arrarats, Miren Azkarate, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Jean-Baptiste Coyos, Jon Casenave, Asun Garikano, Roberto Gonzalez de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Miren Agur Meabe, Alfontso Mujika, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suarez, Ana Toledo, Andres Urrutia, Miriam Urkia eta Mikel Zalbide.

Emerituak, berriz, 12ak dira gizonezkoak: Andres Alberdi, Jean-Louis Davant, Patxi Goenaga, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Beñat Oihartzabal, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain eta Patxi Zabaleta.

Contenido patrocinado