Itziar Gonzalez-Dios eta Eneko Bidegain, #txiotesia2 lehiaketako irabazleak

Lehiaketako bi irabazleak
Foto: UEU
Actualizado 2014/11/26 13:15:57 CET

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) kudeatzen duen Unibertsitatea.net atariak bigarren urtez antolatu duen "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketako lehen saria Itziar Gonzalez-Diosentzat izan da, egiten ari den euskarazko testuen sinplifikazio automatikoari buruzko tesia laburtzeagatik, eta bigarren saria Eneko Bidegain kazetari eta irakaslearentzat izan da, "Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian" tesia koplatan azaltzeagatik.

   Antolatzaileek jarritako helburuak bete direla adierazi dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako ekitaldian, ekimen honekin 46 ikertzaile euskaldun eta beraien lana ezagutzera eman baitira.

   Iñaki Alegria UEUko zuzendariak lehiaketaren balorazioa egin du eta, iaz baino jende gutxiagok parte hartu badu ere, aurten ere lortutako emaitzak "oparoak" izan direla azpimarratu du. Horrela, 46 ikertzailek hartu dute parte, horietatik %70 berriak (iaz 86 ikertzailek parte hartu zuten), 23 emakume eta 23 gizon, eta parte hartzaileen %30 doktorea izan da; gehiengoa beraz, doktoregaia.

   UEUko ordezkariaren esanetan, jarritako helburuak lortu dituzte. "Lortu dugu hainbat unibertsitate eta ikertalde desberdinetan lanean dauden proiektuak eta pertsonak ezagutaraztea eta haien arteko ezagutza ere sustatzea, eta bertan parte hartu duten guztiek frogatu dute euskaraz zientzia sortu, dibulgatu eta komunikatu daitekeela ere", adierazi du.

   Komunitate zientifiko euskalduna existitzen dela nabarmendu du, eta hori indartzeko eta biltzeko lanean jarraitu dutela UEUk eta Unibertsitatea.net atariak. "Ez zen erronka makala ikertzaile euskaldunei jarri geniena, baina aurten ere primeran erantzun diote. Zorionak parte hartzaile guztiei", gaineratu du.

IRABAZLEAK

   Irabazleei dagokienez, lehen saria, txiolari ulergarriarena, 500 euroko sariarekin, Itziar Gonzalez-Dios IXA taldeko ikertzailearentzat izan da (@ItziarGD), euskarazko testuen sinplifikazio automatikoaren inguruan egiten ari den tesia "bikain laburtu eta azaltzeagatik".

   Itziar Gonzalez-Dios Pasai San Pedrokoa (Gipuzkoa) da eta 26 urte ditu. Aleman filologian lizentziatu zen Gasteizen (Letren Fakultatean, EHUn) eta ondoren Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra egin zuen Donostian EHUko Informatika fakultatean. Masterrean zegoela IXA taldean sartu zen eta hortik atera zen tesi proiektua.

   Tesiaren izenburua oraindik behin behinekoa da: "Egitura sintaktiko konplexuen identifikazioa eta sinplifikazioa euskararen tratamendu automatikoan". Eusko Jaurlaritzak ematen dituen beketako hirugarren urtea amaitzen ari da, eta orain tesian buru belarri lanean dabil, 2015 amaieran edo 2016 hasieran irakurtzeko asmoz.

   Bestalde, bigarren saria, txiolari originalena, 300 euroko sariarekin, Eneko Bidegain kazetari eta irakaslearentzat izan da, "Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian" tesia koplatan laburtzeagatik. Eneko Baionako da eta 39 urte ditu. Euskal Ikasketak egin zituen Baionan, eta kazetari lanetan 'Ekaitza' aldizkarian hasi zen. 1999an 'Euskaldunon Egunkaria'-n sartu zen, eta 'Berria' eta beste zenbait hedabidetan ere aritu da.

   Doktoretza tesia aurkeztu zuen 2012an, EHU eta Bordeleko unibertsitateen artean, "Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekaria" gaiaren inguruan. Gaur egun Mondragon Unibertsitateko irakaslea da, Ikus-entzunezko Komunikazio graduan.