'Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko' liburuxka argitaratu du Elhuyarrek

'Jasangarritasunerako Ikerketak, Gazteak Inspiratzeko' Liburuxkaren Azala.
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 6 noviembre 2023 13:58

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Elhuyarrek 'Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko' izenburuko liburuxka kaleratu du, gazteek jasangarritasuna ikasgelan lantzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren laguntzarekin. Argitalpenak zenbait proiektu eta hausnarketa eskaintzen dizkie irakasleei, ingurumenarekiko arduraren ikuspegitik.

Elhuyarretik jakinarazi dutenez, hezkuntza komunitatea "inspiratzeko eta laguntzeko baliabideak" eskaini nahi ditu liburuxkak, "gaur egungo gazteek ezinbestean inplikatu beharko baitute ingurumen larrialdiari aurre egiteko". "Horregatik, interesgarria da ikasgelan gazteekin jasangarritasunari eta klima larrialdiari buruzko hausnarketak eta ekintzak sustatzea, betiere berdintasuna, inklusibitatea eta eraldaketa soziala kontuan hartuta", azaldu dute.

Elhuyarren '2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko' proiektuaren emaitza da liburuxka. Proiektu horren barruan, zenbait adituren arteko topaketak antolatu ditu, jasangarritasunaz, ingurumen larrialdiaz eta hezkuntzaz eztabaidatzeko, eta, gerora, topaketetan egindako hausnarketa eta lanketen ondorioz sortutako edukiak bilduta osatu da liburuxka.

Argitalpena azalpen testuez eta Pernan Goñiren ilustrazioez osatuta dago, eta bi atal nagusi ditu: lehenengo atalean, jasangarritasuna eta ingurumen-larrialdia gelan lantzeko 20 ideia gako aurkezten dira; bigarren atalean, aldiz, ikertzaileek proposatutako 20 proiektu inspiragarri daude, jasangarritasuna lantzeko.

Proiektuen bidez, hainbat galderari erantzun behar diete ikasleek, besteak beste, auto jakin batean 100 kilometro egiteko behar den energiarekin zenbat ogi egin daitezkeen, nondik galtzen duen energia ikastetxeak, jasangarria den soinean jantzita daukaguna edo zer plastiko motak kutsatzen dituzten hondartzak.

'Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko' liburuxka deskargatzeko moduan dago https://zientzia.eus/steam/ webguneko 'Liburuxkak' atalean, euskaraz zein gaztelaniaz. Deskargatzeko esteka: https://zientzia.eus/media/pdf_alea/Elhuyar-JASANGARRITASUNA-GazteakInspi.pdf

Gainera, datozen hilabeteetan liburuxkako edukiaren zabalkundea egingo du Elhuyarrek. Horretarako, Pernan Goñik ilustratutako komiki zintak argitaratuko dira Elhuyarren sare sozialetan eta zientzia.eus webguneko STEAM hezkuntza atalean (zientzia.eus/steam). Proiektuan parte hartu duten adituei egindako elkarrizketak ere argitaratuko dira, haien ikerketa proiektuak ezagutzeko eta gazteentzat egindako proiektu proposamenen inguruan sakontzeko.

Contenido patrocinado