GASTEIZ 15 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzak 2,1 milioi euro bideratuko ditu 2026an eta 2027an Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) arrantza eremuen garapen jasangarrira bideratutako proiektuak babestera, Tokiko Garapen Parte Hartzailearen Estrategiaren (TGPE) eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren (FEMPA) esparruan. Deialdiaren helburuak dira arrantza komunitateen dibertsifikazio ekonomikoa sustatzea, enplegua sortzea bultzatzea, ekonomia urdinarekin lotutako jarduera berriak sustatzea eta itsas eta arrantza ondarea eta tokiko garapena indartzea.
Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi dutenez, laguntzak Itsas Garapen Elkartea arrantza sektoreko tokiko ekintza taldearekin lankidetzan kudeatuko dira. Elkarte hori arduratzen da estrategiaren aplikazioa bere lurralde eremuan garatzeaz.
Bada, aurrekontu osotik, 1,47 milioi euro FEMPA funtsari dagozkio, eta 630.000 euro Euskadiko aurrekontu orokorrei. Zenbateko horren barruan, 1,85 milioi euro ekoizpen inbertsioetarako izango dira, 20.000 euro enplegua sortzeko eta 230.000 euro ekoizpenik gabeko inbertsioetarako. Guztizko zuzkiduratik, 100.000 euro 2026ko ekitaldirako izango dira, eta bi milioi euro 2027rako.
Jaurlaritzaren arabera, ekoizpen inbertsioek enpresa berriak eta arrantza sektorearen dibertsifikazioarekin lotutako negozio ildo berriak sortu eta abiatraztea babesteko aukera emango dute, baita arrantzako udalerrietan ekonomia urdinarekin lotutako jarduerak ere. Mikroenpresek, enpresa txiki eta ertainek eta enpresa izaera hartuko duten pertsona fisikoek jaso ahal izango dituzte laguntzak.
ENPLEGUA
Deialdiak enplegua sortzeko berariazko ildo bat ere barne hartzen du. Ildo horren bidez, kontratazio berriak zein autoenplegua sustatzea eta gizarte ekonomiako enpresetan sartzea bultzatuko dira, betiere jarduerak arrantza sektorearen dibertsifikazioarekin edo ekonomia urdinarekin lotuta badaude.
Orobat, ekoizpenik gabeko inbertsioek interes kolektiboko proiektuak babesteko aukera emango dute, hala nola arrain kontsumoa sustatzeko kanpainak, itsas eta arrantza ondarea eta arteak ezagutarazteko jarduerak, ingurumen azterketak, energia eraginkortasuneko eta klima aldaketara egokitzeko ekimenak, trantsizio digitala, ura aurreztea eta berrerabiltzea edo sektoreko higiene, osasun eta segurtasun baldintzak hobetzea.
Laguntzen onuradun izan daitezke arrantzaleen kofradiak eta haien federazioak, lanbide elkarteak, ekoizleen erakundeak eta arrantzaren esparruarekin lotutako beste erakunde batzuk, baita jarduera nautikoekin, arrantzako produktuen sustapenarekin, itsas eta kostaldeko ingurumenarekin, itsas eta arrantza ondarearekin, prestakuntzarekin, turismo urdinarekin edo ekonomia urdinarekin lotutako proiektuak garatzen dituzten enpresak eta beste eragile batzuk ere.
Estrategiaren aplikazio eremuak honako udalerri hauek barne hartzen ditu: Bermeo, Mundaka, Ondarroa, Getaria, Mutriku, Berriatua, Elantxobe, Orio, Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Lekeitio, Lemoiz, Zierbena, Santurtzi eta Plentzia, baita Donostiako arrantza portua ere.
Deialdiaren bidez, Eusko Jaurlaritzak "arrantza komunitateen tokiko garapena indartuko du, jarduera ekonomiko berriak eta enplegua sortzea babestuz eta euskal itsasertzeko ingurumen, kultura eta itsas baliabideak balioan jarriz".