Jaurlaritzak 508.000 euro bideratuko ditu kultur sorkuntzarako laguntzetara, iaz baino 154.000 euro gehiago

Archivo - Antzerki lan bat.
DONOSTIA KULTURA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 6 febrero 2024 12:05

GASTEIZ, 6 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2024ko kultur sorkuntzarako diru laguntzen deialdia onartu du astearte honetan, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 508.000 euro bideratuko ditu, aurreko urtean baino 154.000 euro gehiago.

Jaurlaritzako arduradunen arabera, antzerki testuak, gidoi zinematografikoak, musika konposizioak, gazteei zuzendutako euskarazko testu literarioak, euskarazko ipuin eta eleberri laburrak eta koreografiak egiten laguntzeko deialdia da.

Hain zuzen, aurrekontu sail osotik, 108.000 euro banatuko dira euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako antzerki testu originalak sortzen laguntzera, eta sail hori 9.000na euroko 12 laguntzatan banatuko da: zazpi euskaraz idatzitako antzerki testuentzat eta bost gaztelaniaz idatzitako testuentzat.

Halaber, 156.000 euro izango dira euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako fikziozko, animazioko edota dokumentaleko zinema gidoiak sortzeko: 12 laguntza banatuko dira, zazpi euskarazko gidoietarako eta bost gaztelaniazkoetarako, bakoitza 13.000 eurokoa

Bestalde, deialdiak 82.000 euro gorde ditu partitura batean jasotako jatorrizko musika konposizioak sortzeen laguntzeko (pentagrama edo, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograma edo interpretazio plana).

Beste 54.000 euro izango dira 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko literatura testuei loaguntzeko, eta 9.000na euroko sei laguntza banatuko dira. Gainera, beste 54.000 euro bideratuko dira gutxienez 100.000 karaktere dituzten euskarazko ipuin eta eleberri laburrak sortzen laguntzera: 9.000na euroko sei laguntza banatuko dira.

Azkenik, deialdiak 54.000 euro banatuko ditu koreografiak sortzen laguntzeko, eta sei laguntza izango dira, bakoitza 9.000 eurokoa. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) kaleratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Contenido patrocinado