Jaurlaritzak 7,7 milioi euro jarriko ditu 7-15 urteko 200.000 umeren hortzak artatzeko Osakidetzaren programarako

Archivo - Dentista bat haur batekin
OSAKIDETZA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 10 marzo 2026 13:11

GASTEIZ 10 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak baimena eman du astearte honetako bileran Osakidetzaren 2026ko Haurren Hortzak Zaintzeko Programari dagokion 7,7 milioi euroko gastua egiteko, Alberto Martinez Osasun sailburuak proposatuta. Horrela, aho-hortzen osasunaren arloko prestazioa bermatuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 7 eta 15 urte bitarteko herritarrei.

Jaurlaritzatik gogorarazi dutenez, Osasun Sailak eta Osakidetzak duela 35 urte sortu zuten Haurren Hortzak Zaintzeko Programa, haurren aho-hortzetako osasuna bermatze aldera. Programak hortzen garapen onerako eta hortzak zaintzeko ohitura osasungarrietarako garrantzi handiko adin tartea barne hartzen du.

Programaren bidez, urtero 200.000 haur inguru artatzen dira doan, Euskadiko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialen laguntzarekin. Horrela, Osakidetzako profesionalez gain, dentista gaitu ugarik parte hartzen dute programan.

Urteko berrikuspenaren bidez, dentistak garaiz detektatu eta tratatu dezake txantxarra hortzak ateratzen eta ordezten diren aldietan, inolako alterazio edo trabarik sumatu ez arren. Gainera, zainketa prebentiboak eta konpontzaileak egin ditzake, eta aho-higienerako beharrezko ohiturak indartu. Aldian behingo kontsultetara joatea, beraz, aho-hortzetako osasuna babesteko eta zaintzeko modu bat da, haurtzaroan zein helduaroan.

Gainera, duela bi urte, Osakidetzak 0 eta 6 urte bitarteko haurrei ere zabaldu zien bere sare osoan egiten duen estaldura hori, eta, horri esker, haur horiek Osakidetzako erreferentziazko beren osasun zentroko odontologia kontsultetara joan daitezke. Zerbitzu berri horrek 108.000 adingabe inguruko xede biztanleriari mesede egin diezaiokeela kalkulatzen da. Hartara, txantxarraren hasierako lesioen prebentzioan eta detekzio goiztiarrean jardungo da, baita bizitzaren hasierako etapetan ere, lehen esne-hortzak ateratzen direnean.

Era berean, 2023tik, Osakidetzak beste kolektibo batzuk ere sartu ditu aho-hortzetako osasun zerbitzuen eskaintza berrian, eta 2024an, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako hortz-unitate guztietara hedatu ziren haurdunaldian zeharreko hortzetako prebentzio jarduketak -zerbitzuen eskaintza berriaren proiektuan jasotzen ziren-. Bestalde, paziente onkologikoentzako hortzetako prestazioak Euskal Osasun Zerbitzuaren kontsulta publikoetan aplikatzen dira jada.

ESTATUKO ONENA

Osakidetzaren arabera, azken hamarkadan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eskola haurren aho-hortzen osasunak Espainiako Estatuko onena izaten jarraitu du eta Europar Batasuneko buruan finkatu da, Danimarka gisako herrialdeekin batera. Hala islatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Aho-hortzetako Osasunaren IV. Ikerketa Epidemiologikoak.

1988. urteaz geroztik, hamar urtean behin egiten den txostenak 7, 12 eta 14 urteko haurren aho-hortzen osasunaren erradiografia egiten du, eta baliagarria da Osasun Sailak eta Osakidetzak garatutako politiken eragina ebaluatzeko.

Nolanahi ere, etengabeko hobekuntzaren filosofia abiapuntu izanik eta emaitzak optimizatzeko helburuarekin, Osasun Sailak aurten bertan herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpaina jarriko du abian. Kanpaina horrek arreta berezia eskainiko die programaren estaldura tasarik txikiena duten Euskadiko eremuei, hala nola landa eremuei edo hiriguneetatik urrun dauden eremuei.

Contador

Contenido patrocinado