Jaurlaritzak egoeraren diagnostikoa egin du aurrekontuetan genero ikuspegia txertatzeko bidean aurreratzeko

Jardunaldiko hizlariak
EUSKO JAURLARITZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 4 julio 2025 15:46

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak egungo egoeraren diagnostikoa egin du berdintasun teknikariei eta kargudunei egindako inkesta batean oinarrituta, sektore publikoko aurrekontuak egiterakoan genero ikuspegia txertatzeak dituen indarguneak eta zailtasunak antzemateko.

Jaurlaritzaren arabera, diagnostikoa lagungarria izango da gobernu kontseiluan ekainaren 10ean onartu zuen estrategiaren bide-orria egiteko. Inkestan agerian geratu da erakundeen babesa eta lidergoa "behar-beharrezkoak direla" konpromiso horrek bidea egingo badu.

Hain zuzen ere, horixe izan da ostiral honetan Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin den 'Genero ikuspegia duten aurrekontuak: gobernu konpromisoa' jardunaldian partekatu den gaietako bat. Hainbat sail, organismo eta entitate publikotan aurrekontuak egiteko ardura duten kargudunei zuzendutako topaketa izan da.

Noël d'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak grabatutako hitzaldi batekin hasi du jardunaldia. Gogorarazi du 'Ongizatean Hazi' legealdiko leloak argi islatzen duela "pertsonak daudela politika publikoen erdigunean". "Eusko Jaurlaritzak dedikazio handiz lan egiten du gizarte justuagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko", ziurtatu du.

Ildo horretan, duela gutxi onartutako estrategiaren garrantzia nabarmendu du: "Estrategia horrek Berdintasunerako Legean ezarritakoa betetzen du eta gobernu programan gure gain hartutako konpromisoei erantzuten die".

Bestalde, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ere konpromiso publiko hori nabarmendu du. Aitortu du jarduera publikoan generoaren zeharkakotasuna sartzea dela Emakunderen eta Jaurlaritzaren "kezka nagusietako bat". "Zeharkakotasun hori bultzatzea da gure helburu nagusietako bat", gaineratu du.

Bere iritziz, ikuspegi kritikoz aztertu behar dira egitura ekonomikoak, gastu publikoaren banaketa, diru bilketako sistemak edo aurrekontu politikak, "ezin baitugu ahaztu, gure gizartean, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun egoera iraunkorra dela abiapuntua".

Egungo egoera testuinguruan kokatze aldera, Emakundek arlo horretan bultzatutako ekimen pilotuak gogorarazi ditu Elgarrestak, eta adierazi du 1999tik 2000ra bitartean garatutako hasierako esperientziak ezarri zituela gerora garatu den lanerako oinarriak.

HELBURUAK

Era berean, Yolanda Jubeto Ruiz EHU Euskal Herriko Unibertsitateko doktore eta irakasleak bere hitzaldian adierazi du genero ikuspegia duten aurrekontuen helburuen artean dagoela aurrekontuaren gastuek eta diru sarrerek emakumeen eta gizonen bizi baldintzetan dauden desberdintasunak murrizten, handitzen edo mantentzen ote dituzten aztertzea.

Gainera, bere iritziz, genero ikuspegia duten aurrekontuen xedea politika publikoen eraldaketa bultzatzea ere bada, abiapuntua emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen azterketa izanik.

Azkenik, Jose Enrique Corchon Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak esan du Jaurlaritza zeregin horretan lan egiten ari dela abian dituen ekintzen bidez: "Onartutako estrategiaren Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortu da, eta batzorde horri euskarria emango dion Talde Teknikoa osatu da". Genero ikuspegia zenbait fasetan txertatuko dela zehaztu du.

Contenido patrocinado