BILBO, 2 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak eta Hizkuntza eta Generoa batzordeak lau mahai inguru antolatu dituzte elkarlanean, 'Euskara eta Feminismoa bidelagun' lelopean, hizkuntzaren eta generoaren arteko harremanaz hausnartzeko. Saioak sarean egingo dira, 10:00etan hasita, eta lehena astearte honetan izango da, azaroaren 3an. Izena eman daiteke http://euskaraetafeminismoa.eus/ web orrian.
Antolatzaileek azaldu dutenez, asko dira euskararen eta feminismoaren inguruan azken urteotan egin diren gogoeta, ekarpen eta esperientziak, eta "bereziki nabarmentzekoak dira euskalgintzatik zein mugimendu feministatik sortutakoak", besteak beste, Euskaraldia moduko esperientziak edota Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen haritik sortutako eztabaidak.
"Horiek guztiak mahai gainean jarri, eta partekatzea da jardunaldi honen asmoa. Topagune bat ere izan nahi du hitzorduak, horrela, norbanako eta eragile desberdinak harremanetan jarri, eta elkarrekin bidea egiten jarraitzeko", adierazi dute.
Euskara eta Generoa batzordea izan da jardunaldiaren zertzelada nagusiak zehaztu dituena. Horri esker, euskaran zein feminismoan aditu eta aritu diren parte hartzaileen eskutik, harreman horren inguruko ideia eta ekarpenak jaso ahal izango dira azaroko lau saioetan.
MAHAI INGURUAK
Mahai inguru bakoitza 10:00etan hasiko da, ordu eta erdi iraungo du, eta ondoren gogoetarekin jarraitzeko aukera eskainiko da (hori ere sarean). Astearte honetan, 'Hizkuntza eta generoa: hurbilpen teoriko bat' izenburupean, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel ariko dira, Eider Olazarren aurkeztuta.
Hilaren 10ean, Irene Arrarats eta Lutxo Egia izango dira 'Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara' mahai inguruan, eta azaroaren 17an, 'Hizkuntza, generoa eta beste menderakuntza batzuk' gaiaz ariko dira Tarana Karim, Palmira Dual eta Leocadia Bueriberi, Amelia Barquínek aurkeztuta.
Bukatzeko, hilaren 24an, 'Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubiak' mahai ingurua egingo da, Mari Luz Esteban, Saioa Iraola eta Elurre Iriarterekin, Onintza Iruretak aurkeztuta.