Jaurlaritzak eta Tecnaliak 300.000 euro banatuko dituzte kultura eta sormen industrien digitalizazioa bultzatzeko

KSItek programa
IREKIA
Actualizado: viernes, 26 febrero 2021 16:05

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tecnalia ikerketa zentroak 'KSITek' izeneko programa jarri dute martxan elkarlanean. Kultura eta sormen industrien (KSI) arlora bideratutako ekimen honen helburua da KSIen eta teknologia sektorearen arteko lankidetza sustatzea, beti ere merkatu globalenetarako sortutako produktu eta zerbitzu berritzaileak eratzeko eta sinergiak eta aukera eta garapeneko espazio berriak sortzeko. Guztira, 300.000 euroko aurrekontua izango du programak.

Arduradunek azaldu dutenez, KSI sektorearen eraldaketa digitala erraztuko duten proiektuak identifikatu nahi dira ekimenaren bidez, "teknologiak balio erantsia emango dielako enpresak eskaintzen duten egungo produktuen eta zerbitzuen diseinuan, ekoizpenean, sorkuntzan, banaketan, erakusketan, kontsumoan eta elkarreraginean". "'KSITek' programaren bitartez laguntza jasoko duten enpresen lehiakortasuna hobetuko da eta negozio eredu berriak sortzen lagunduko die", ziurtatu dute.

Parte hartuko duten enpresek teknologia batzuetan oinarritutako irtenbideak garatu beharko dituzte, hala nola multimedia edukien prozesamendua (edukiak lortu, indexatu eta berreskuratu, 'streaming' eta 'broadcast' plataformak, jabetza intelektuala eta eskubide digitalen kudeaketa), ordenagailuzko grafikoak (animazioa, 'rendering', Errealitate Birtuala eta Handitua, joko serio eta interaktiboak, BIM) edota konputazio mugikorra eta nonahikoa (Gauzen Internet, wearableak, testuinguruan oinarritutako konputazioa, hodeiko konputazioa, dronak, jantzi adimendunak).

Halaber, konputagailu bidezko ikusmenean (irudien prozesamendua, pertsonen jarraipena, mugimendua atzematea, 3D-ko berreraiketak), datu analisietan ('Big Data', datu meatzaritza, analitika deskriptibo, prediktibo eta preskriptiboak, 'Open Data' ikusmenezko analitikak) eta
hizkuntza teknologietan (hizketa naturalaren prozesamendua, mintzamenaren prozesamendua, elkarrizketa sistemak, itzulpen automatikoa, sentimendu analisia) aritzen diren enpresek ere izango dute laguntza jasotzeko aukera.

Proiektuak aukezteko epea datorren astelehenean hasiko da, martxoaren 1ean, eta apirilaren 30era bitarte egongo da zabalik, www.euskadi.eus atarian. Ondoren, balorazio batzorde batek lehiaren bidez ebaluatuko ditu aurkeztu diren proiektuak eta onartutako ekimenek 5.000 eta 10.000 euro arteko dirulaguntza jasoko dute.

'KSI-AK EUSKADIN'

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 'KSIak Euskadin. Euskal kultura eta sormen sektorearen garapenean zehar ibilbidea' izeneko argitalpena kaleratu du. Bertan bildu ditu 2010-2023 aldian KSIen sektorean eman diren aurrerapausoak eta etorkizunera begira dauden erronkak.

Kultura eta sormen industriak sendotzeko eta egituratzeko bidean eman diren fase desberdinak zein protagonisten esperientzia eta ahotsak biltzen ditu liburuak, ikuspuntu panoramikotik. Argitalpena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarri www.euskadi.eus webgunean.