Jaurlaritzak jardunean dauden 19 artista eta kolektiboren 27 artelan erosi ditu 'Bilduma Partekatua' osatzeko

Agerraldian izan diren ordezkariak.
IREKIA
Actualizado: lunes, 12 febrero 2024 13:52

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak jardunean dauden 19 artista eta kolektiboren 27 artelan erosi ditu 'Bilduma Partekatua' osatzeko, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 200.000 euro bideratu ditu erosketara, Artium museoari zuzeneko dirulaguntza emanez.

'Bilduma Partekatua' proiektua 2020. urtean jarri zen abian, eta ordutik, Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Donostiako Tabakalera zentroak elkarrekin parte hartzen dute jardunean dauden euskal artisten lanak erosteko batzordean.

Artiumen astelehen honetan egin den aurkezpenean izan dira Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Arabako diputatu nagusi eta Artium Fundazioaren Patronatuko presidente Ramiro Gonzalez, Artium museoko zuzendari Beatriz Herraez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugaza eta Tabakalerako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusi Edurne Ormazabal. Azken erosketen zerrendan dauden artistetako batzuk ere izan dira.

Erositako lanak hainbat diziplinatan aritzen diren artista profesionalenak dira, hala nola pintura, eskultura, zinema, bideoa, marrazketa edo argazkigintzan. Era berean, edizio honetan erosi diren obrak belaunaldi eta ibilbide desberdinetako artistenak dira.

Hain zuzen, 19 artistaren eta kolektiboren 27 lan dira orotara, eta kolektiboak ere kontuan izanda, 13 emakume eta 10 gizon daude zerrendan: Xabier Salaberria (Donostia, 1969), Maddi Barber (Lakabe, 1988) eta Marina Lameiro (Iruñea, 1986), Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988) eta Mirari Echávarri (Iruñea, 1988), Xare Álvarez Berakoetxea (Donostia, 1990), Pedro Osés (Iruñea, 1942) eta Juanjo Aquerreta (Iruñea, 1946), Ainara LeGardon (Bilbo, 1976), Álvaro Perdices (Madril, 1971), Isabel Herguera (Donostia, 1961), Naia del Castillo (Bilbo, 1975) eta Karlos Martínez Bordoy (Bilbo, 1976).

Aukeratutako obrek praktika artistiko garaikidea gauzatzeko formatuen eta tekniken aniztasunari erantzuten diote, besteak beste, pintura, argazkigintza, eskultura, zinema, bideoa, instalazioa, audio-instalazioa, marrazketa eta obra grafikoa.

Artelan eta artista multzo horren aukeraketa hainbat irizpideren arabera egin da, besteak beste, artistek inplikatutako erakunde bakoitzaren programetarako eta helburuetarako duten interesa; segmentu eta ibilbide desberdinei arreta ematea, finkatuenetatik hasi eta belaunaldi gazteagoetara; ekoizpen berriei nahiz obra eta dokumentu historikoei lekua egitea; galeriekin eta Euskadiko artearen sistema osatzen duten beste eragile batzuekin lan egitea.

'Bilduma Partekatua' proiektuaren barruan erositako lanak Artium museoaren bilduman sartuko dira bere ondare funts publikoaren zati gisa eta 'Bilduma Partekatua' epigrafean katalogatuko dira. Guztira, 2020tik, 80 egile eta kolektiboren 144 lan erosi dira.

'BILDUMA PARTEKATUA'

'Bilduma Partekatua' sortzeko proiektua 2020. urtean jarri zen martxan, pandemia garaian, covid-19ak gogor eragindako kulturgintza sektorearen egoera ezegonkorrean ekonomia arintzeko helburuz.

2020ko eta 2021eko deialdietan 150.000 euroko inbertsioa egin zen, eta 2022an Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskal artearen aldeko apustua sendotu eta aurrekontua beste 50.000 euroan handitu zuen.

Edizio honetan 200.000 euroko inbertsioa finkatu da, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, "Euskadiko ondare historiko-artistiko publikoa aberasteko eta eguneratzeko" inbertsioa da.