Jaurlaritzak sei milioi euro banatuko ditu udalen artean, ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 31 octubre 2017 14:50

GASTEIZ, 31 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak hezkuntza administrazioaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabegoko eraikinetan obrak egitera bideratutako gastuak finantzatzeko diru laguntzak deitzen dituen agindua onartu du astearte honetan. Udalaguntza 2017 izeneko deialdiak sei milioi euroko diru kopurua du.

Udalaguntza 2017 deialdian parte hartu ahal izango dute aipaturiko ezaugarriak betetzen dituzten ikastetxeen titular izan eta haietan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek. Agindu honen bidez finantzatu ahal diren obrak 2017ko urtarrilaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra bitartean hasi beharko dira, eta 2018ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuta egon behar dute.

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez emango duen diru laguntza balorazio batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua 360.000 euro izango da. Hortaz, balorazio batzordeak onartutako 600.000 euro baino gehiagoko aurrekontuak dituzten eskaerei diru laguntza ematen bazaie, muga hori hartuko da kontuan.

Jaurlaritzako arduradunek azaldu dutenez, sarritan ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanak izaten dira, baita eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanak ere, hala nola kanpo nahiz barne arotzeria aldatzea; fatxada eraberritzea; patio eta jolastokietan zorua berritzea; eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; teilatu konponketak; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berogailu sistema aldatzea, beste hamaika motatako lanekin batera.

UDALAGUNTZA

Udalaguntza deialdiaren sorrera, ikastetxeen instalazioetan hobekuntza eta eguneratze lanak burutzeko Hezkuntza Sailaren eta tokiko korporazioen arteko koordinazioan dago. Elkarlan horri esker, gainera, baliabide publikoen optimizazioa eta administrazio bakoitzak egiten dituen ahalegin eta jarduketen eraginkortasun handiagoa ere lortzen dira.

2017ko Udalaguntza deialdian parte hartu nahi duten udalek hilabeteko epea izango dute proiektuak aurkezteko -eskatzen den dokumentazioarekin batera-, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

Iazko Udalaguntza deialdiaren bidez (Udalaguntza 2016) 298 obra finantzatu zituen Hezkuntza Sailak, Euskadiko 99 udalerritan kokaturiko Haur eta Lehen Hezkuntzako 167 ikastetxe publikotan.

Contenido patrocinado