GASTEIZ 15 Nov. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du segurtasun protokoloak indartuko dituela erietxeetako amategietan, joan den urrian Bilboko Basurtuko ospitalekoan jaioberri bat lapurtu izanaren inguruabarrak aztertu ondoren. Horrela, pazientearen segurtasunaren adituen taldeak gomendio batzuk eman ditu 'Ez utzi ni bakarrik' protokoloaren hedapen eraginkorrarekin lotuta, amategietako langileen identifikazioari eta zaintzaileen eta bisitarien sarbideari dagokienez.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetako gobernu bileraren osteko prentsa agerraldian azaldu duenez, orain beharrezkoa da gomendio horiek amategi bakoitzari helaraztea, horietan guztietan erraz ezar daitezkeen neurri komun batzuk daudelako. Beste neurri batzuek, ordea, jarduketak eskatzen dituzte zentro bakoitzean oso desberdinak diren sarbide, espazio eta beste elementu arkitektoniko batzuen inguruan.
Horrela, aditu taldearen dokumentua ikusita, Osakidetza proposamen batzuk ari da lantzen, hala bola jaioberriaren identifikazioari eta zaintzari buruz erditzeen arloan emandako informazioa dokumentatzea; ohiko informazioa ematen denean, amategiko solairuan sartzeko segurtasun protokoloari buruzko hezkuntza materiala paper euskarrian
entregatzea; gurasoei jaioberria zaintzeko segurtasun protokoloari buruzko informazioa eman izanaren egiaztapena indartzea, hala haurdunaldiaren jarraipenean nola ospitaleko egonaldian.
Halaber, segurtasun protokoloaren informazioa jasotzea, diptikoa entregatzea eta historia klinikoan egiaztatzea; geletan informazioa bermatzea 'Ez utzi ni bakarrik' kanpainaren infografiaren bidez; binilo grafikoak ere jartzea jaioberrien sehasketan, eta ama-haurrentzako arretan segurtasun protokoloari buruzko profesionalei zuzendutako kanpainak egiten jarraitzea eta indartzea proposatuko ditu.
LANGILEAK
Langileen identifikazioari eta jantziei dagokienez, proposatzen dira langileak sentsibilizatzea profesionalak ageriko txartel pertsonal baten bidez identifikatzeko derrigortasunari buruz; instalazioetan dagoen eta identifikazio txartelik ez duen edonor identifikatzearen garrantziaz sentsibilizatzea; profesionalen uniformeen zaintza berrikusi eta hobetzea eta horretarako espazio itxiak ezartzea.
Azkenik, amategietarako irisgarritasunari dagokionez, amategiaren eremurako sarbideen trazabilitatea kudeatzeko hobekuntzak ezartzea, bisitak eta profesionalak identifikatuta; Basurturen kasuan, pabiloiaren alboko sarbideetako ateak ixtea eta larrialdietarako atea alarma batez hornitzea; ateen itxiera eta alarma sistemaren funtzionamendua errutinaz egiaztatzea; amategi unitateetarako ateak irekitzeko sistema ezartzea profesionalentzako eta senideentzako, identifikazio txartel elektronikoaren bidez, atezain automatikoko sistema batekin konbinatuta; eraikinen kanpoaldean kamera bidezko zaintza sistemak indartzea proposatzen dira.