Jon Casenave euskaltzain oso berriak euskal idazle klasikoak gogoratuko ditu sarrera hitzaldian

Archivo - Jon Casenave
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 27 junio 2025 13:25

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Jon Casenave euskaltzain oso berriak sarrera hitzaldia eskainiko du larunbatean, ekainaren 28an, Heletako (Nafarroa Beherea) Agerraldi aretoan, 'Euskara eta euskal literatura soka luze bat bezala' izenburupean, eta euskal idazle klasikoak izango ditu gogoan, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez.

Akademiak 2024ko ekainaren 28an izendatu zuen euskaltzain oso Jon Casenave hizkuntzalaria, eta orain, erakundearen barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari.

Larunbatean izango da ekitaldia, 10:00etan, Heletako Agerraldi aretoan. Atarikoan, soka-dantzan joango dira heletarrak aretora, euskaltzainak eta agintariak atzetik direla. Behin areto barnean daudelarik, herriko abesbatzak Telesforo Monzonen 'Heletarrak' abestuko du, eta, ondoren, ekitaldi instituzionala hasiko da.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Phillippe Etchepare Heletako auzapezak ongietorria egingo diete bertaratutakoei eta, jarraian, Jon Casenavek sarrera-hitzaldia irakurriko du: 'Euskara eta euskal literatura soka luze bat bezala'.

Hitzaldiaren muina euskara bera izango da: Casenavek bere haur eta gazte denborak gogoratuko ditu, herritik eta familiatik jasotako euskara bizia, eta batez ere euskal idazle klasikoen emari oparoaz gogoeta egingo du, azken urteotan ondo baino hobeto aztertua duen gaiaz.

Itxaro Borda euskaltzainburuordeak erantzuna emango dio Casenaveri. Casenaveren hitzei eutsiz, klasikoez jardungo du idazle lapurtarrak ere, euskal literaturako izen handi batzuen balioaz eta gaurkotasunaz; era berean, klasikoen zerrenda ohikoetan dauden eta ez dauden emakumezkoen izana aldarrikatuko du, eta Casenavek XIX. mende hondarreko eta XX. mendearen hastapeneko autoreak ezagutarazteko egin duen lana nabarmenduko du.

Ekitaldia amaitzeko, euskaltzain oso berriak karguaren zina egingo du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.

JON CASENAVE

Jon Casenave Lehuntzen (Lapurdi) jaio zen, 1957ko uztailaren 4an. Euskal Ikasketetan doktorea (Bordele Montaigne Unibertsitatea), Bordele Montaigne Unibertsitateko irakasle emeritua eta Iker zentroko kidea da.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n. Euskaltzaindiaren Hiztegigintza Batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide (1993-2017) izan da anitz urtez.

Dozenaka ikerketa-artikulu idatzi ditu Casenavek, eta publikatu dituen liburuen artean daude, besteak beste, 'Zutaz amoroski' (1978, Ustela saila) poesia lana, 'Itsu-mandoka: kontu xume, joko krudel' (1981, Hordago) narrazioa, eta 'De l'article de presse à l'essai littéraire: Buruchkak' (1910) de 'Jean Etchepare eta Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda?' (2012, Utriusque Vasconiae; 2021, Euskaltzaindia saiakerak).

Contenido patrocinado