Foto: EUSKO JAURLARITZA/EUROPA PRESS
DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)
Jon Olasok irabazi du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2013ko Euskadi Literatura saria, "Tximeletrak" lanarekin, eta Jon Sudupek Euskarazko Saiakera saria, "Oi Europa!" obrari esker. Halaber, Gaztelaniazko Haur eta Gazte Literaturako saria eman gabe gelditu da, eta Gaztelaniazko Saiakera saria Iban Zalduaren "Ese idioma raro y poderoso" lanak eskuratu du.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak ezagutarazi ditu 2013ko Euskadi Literatura saridunen izenak Donostian astearte honetan egindako ekitaldian, saridunak ere bertan zirela.
Patxi Zubizarretak (epaimahaiburu), Mikel Aierbek, Rosario Alzak, Elisabet Masek eta Itziar Zubizarretak osaturiko epaimahaiak erabaki du Xabier Olasoren "Tximeletrak" (Pamiela) lanari ematea Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2013ko Euskadi Literatura saria.
Epaimahaiaren arabera, Olasoren haurrentzako poema liburua euskal tradizioaren ezagutza sakonetik abiatu eta berrikuntza poetiko jostarina erabili du, haurrek dituzten barne arazoak haien berezko hizkeran jasotzeko dohainarekin.
Euskarak sortu dituen haur hizkuntzaren baliabideak "oso modu egokian" uztartzen dira poema hauetan, epaimaiaren iritziz, eta egileak naturalitate osoz erabiltzen ditu hitz joko horiek eta "erritmo paregabe batez eta musikaltasun handiz eskaintzen ditu entzuleen belarrietara". Irabazleak 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Xabier Olaso Bengoa (Otxandio, Bizkaian, 1964) Gasteizen bizi da txiki-txikitatik. Irakasle ikasketak egin zituen eta irakaslea da lanbidez. Helduen literaturaren esparruan poesia jorratu du batik bat egun arte, eta horren ondorio dira argitara emandako poema bildumok: "Gauaren magalean" (1996), "Hariaren ariak" (1998), "Urtaro" (1998), "Datak eta posdatak" (1999), "Azalaren memoria" eta "Itinerarium" (2001).
Haur literaturaren esparruan, berriz, zenbait ipuin, igarkizun eta poema liburu argitaratu ditu: "Auskalo!: Igarkizun eta aho-korapiloak" (2001), "Pupuan Trapua" (2004), "Hotsateko Basoa" (2005), "Gurarien esku-jolasa" (2008), "Un trapito en la pupa" (2007), "Paulen abentura miresgarria" (2010), "Izeko Eli eta biok" (2012) eta "Tximeletrak" (2012). "Pupuan Trapua" (2004) liburuari esker 2005ean Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria eskuratu zuen.
EUSKARAZKO SAIAKERA
Bestalde, Ainhoa Larrañagak (epaimahaiburu), Xabier Aierdik, Juan Garziak, Mª Jesus Pachok eta Simon Peñak osaturiko epaimahaiak erabaki du Jon Suduperen "Oi Europa!" lanari ematea Euskarazko Saiakerako Literatura saria. Sudupek 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaiak gaiaren interesa, garapen luze koherentea, ikerketa eta dokumentazio lan handia, ondo hausnartu eta landua eta ederki moldatua dibulgazio zabalerako, eta idazkera egoki eta naturala nabarmendu ditu Suduperen obran.
Jon Sudupe (Azkoitia, Gipuzkoa, 1947) Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna da, eta lanbidez idazle eta irakasle. 1983an eman zuen ezagutzera bere lehen saiakera liburua: "Karl Marx, Teoria eta Politika". Mikel Zarate Saiakera Saria irabazi zuen liburu horrek.
Hurrengo hiru argitalpenek, "Ilustrazioaren kriseilupean" (1994), "Muniberen ametsa: Euskaltasuna eta Modernitatea" (1996) eta "Euskaldunak, liberalak eta komunitatezaleak" (1998), Pedro Axular euskarazko saiogintza Saria, Irun Hiria Saria eta Mikel Zarate Saria irabazi zuten, hurrenez hurren. Ilustrazioa, modernitatea eta euskalduntasuna dira lan horien ardatzak.
2003an, "Kant eta uso arina" saiakeri esker, Miguel de Unamuno Saria irabazi zuen, eta 2007an berriro jaso zuen sari bera "Hizkuntza ados jartzeko da" liburuarekin. Lan hori 2009an argitaratu zen. Gainera, "Klasikoak" bilduman itzulpen lana egin du Sudupek, Voltaireren "Gutun filosofikoak" euskaratu baitzuen. "Oi Europa!" lanarekin Miguel de Unamuno XIII. Saiakera Lehiaketa irabazi zuen.
GAZTELANIA
Bestalde, Gaztelaniazko Haur eta Gazte Literatura 2013ko Euskadi Literatura saria eman gabe uztea erabaki du Patxi Zubizarretak (epaimahaiburu), Mikel Aierbek, Rosario Alzak, Elisabet Masek eta Itziar Zubizarretak osaturiko epaimahaiak.
Liburu kopurua oso txikia izan dela ikusita, eta aurkeztutako bost lanen artean Euskadi Literatura Saria jasotzeko kalitate nahikorik ez dagoela iritzita, epaimahaiak aho batez erabaki du saria eman gabe uztea.
Bestalde, Daniel Innerarityk (epaimahaiburu), Beñat Arginzonizek, Juan Manuel Diazek, Ana Iriartek eta Santos Zunzuneguik osaturiko epaimahaiak Iban Zalduaren "Ese idioma raro y poderoso" lanari eman dio Gaztelaniazko Saiakera saria. Irabazleak 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahairen arabera, "Ese idioma raro y poderoso" saiakerak azken hamarkadetako euskal literaturari errepasoa egiten dio, distantzia ironiko neurtuarekin aztertzen du, haren posibilitateen berri emanez.
Lan pertsonala da, gaztelania egoki eta arinean idatzia, eta proposatzen dituen ideien inguruan eztabaidarako gonbidapena egiten du.
Iban Zaldua (Donostia, 1966) idazlea eta Historia irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Gasteizen bizi da. Bere lanen artean azpimarratzekoak dira "Gezurrak, gezurrak, gezurrak" (2000), "Traizioak" (2001), "La isla de los antropólogos y otros relatos" (2002), "Itzalak" (2004), "Etorkizuna" (2005), "Ipuinak -Antologia bat-" (2010), "Biodiskografiak" (2011) eta "Idazten ari dela idazten duen idazlea" (2012).
"Si Sabino viviría" (2005) eta "Euskaldun guztion aberria" (2008) eleberriak ere argitaratu ditu, bai eta literaturari buruzko saiakerak ere, "Obabatiko tranbia" (2002) eta "Animalia disekatuak" (2005), kasu. Zalduarena da "Azken garaipena" (2011) zientzia fikzioko komikiaren gidoia ere. Julen Ribasen marrazkiak dituen lan horrekin Haur eta Gazteen Euskarazko Euskadi Literatur Saria irabazi zuen iaz.