Jorge Guerricaechevarria, Alex Angulo eta Desiree de Fez izango dira FANT 18 zinemaldiaren epaimahaikideak

Kike Maillo bartzelonarrak jasoko du aurten Fantrobia saria eta efektu bereziei buruzko 'Master Class' bat emango du

Alex Angulo izango da FANT 18ren epaimahaikideetako bat
JOSEFINA BLANCO/EP
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 11 abril 2012 15:40

BILBO, 11 Abr. (EUROPA PRESS) -

Jorge Guerricaechevarria gidoilariak, Alex Angulo aktoreak eta Desiree de Fez zine kritikariak osatuko dute maiatzaren 4an hasiko den FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 18. edizioaren Sail Ofiziala eta FANT Laburrean saila baloratuko dituen epaimahaia. FANT Laburrean sailak bi saio izango ditu aurten, maiatzaren 5ean eta 9an, eta bigarrena euskal film laburrei zuzenduta egongo da.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, FANT 18k bost kontinenteetatik heldutako 432 film jaso ditu, izena emateko epea joan den martxoaren 31n bukatu ondoren. Datorren astean ezagutaraziko dira zein filmek jaso ahal izango dituzten Sail Ofizialeko pelikula eta gidoirik onenen ohorezko sariak eta zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz onenak diren film laburrei emango zaizkien 3.000na euroko bi sariak eta euskal film laburrik onenari emango zaion 2.000 euroko saria.

Jaiotzez asturiarra den baina Gasteizen bizi den Jorge Guerricaechevarria (Aviles, 1964), Espainiako zineak azken hamarkadatan eman duen gidoilari garrantzitsuenetakoa eta errespetatuenetakoa da. 2010ean, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ematen duen Gidoi Onenaren Goya saria lortu zuen "Celda 211" lanari esker.

Espainiako zineak izan dituen lan arrakastatsuenetako batzuen gidoiak idatzi ditu Alex de la Iglesiarentzat: "Mirindas asesinas", "El día de la bestia", "Muertos de risa" eta "La comunidad". Pedro Almodovarrekin ere aritu izan da lanean, "Carne Trémula" filmaren gidoia idatziz, eta azken urteetan, Daniel Monzonen azken bi filmen gidoigileetako bat izan da.

Alex Angulo aktore bizkaitarrak (Erandio, 1953) Imanol Uriberekin eman zituen lehen pausoak zinean. Ezagunagoa egin zen Tele 5 kateak eman zuen "Periodistas" telesaio arrakastatsuan antzeztu zuen "Blas" pertsonaiari esker. Ondoren, apaiz sataniko ahaztezina antzeztu zuen Alex de la Iglesiaren "El día de la bestia" film ezagunean.

Azken urteetan zuzendari askorekin egin du lan. Horrela, besteak beste, Guillermo del Tororekin "El laberinto del fauno" filman aritu izan da. 2010ean Zinemira saria lortu zuen Donostiako Zinemaldian, Oscar Aibarren "El gran Vázquez" filman "Peláez" antzezteagatik. Lan horregatik Goya sarietarako hirugarren izendapena lortu zuen.

Desiree de Fez (Bartzelona, 1977) kritikaria zinemaren alorreko zenbait argitalpenetan idazten du, besteak beste, "Fotogramas", "Rockdelux" edo Bartzelonako "La guía del ocio" aldizkarietan. Fantasiazko eta beldurrezko zinean aditua eta zaletu handia da, eta "Películas claves del cine de terror moderno" liburua idatzi du; liburu horretan, generoaren izenburu esanguratsuenei buruzko azalpenak ematen ditu.

FANTROBIA SARIA

Bestalde, FANT 18 zinemaldiko antolatzaileek adierazi dute edizio honetan jarraipena izango duela fantasiazko generoan indarra hartzen doan irudia saritzen duen Fantrobia Sariak. Oraingoan, saritua Kike Maillo (Bartzelona, 1975) zuzendari katalana izango da. "Eva" bere lehen pelikularekin hiru golardo lortu zituen Goya sarien azken edizioan.

Kike Maillo zuzendariak maiatzaren 9an aurkeztuko du "Eva" Bilboko ikus-entzuleen aurrean, arratsaldeko 19:45etik aurrera, Golem zinema-aretoetan. Saria maiatzaren 11n ospatuko den zinemaldiaren amaierako ekitaldian jasoko du.

Horrez gain, Kike Maillok berak efektu bereziei buruzko "Master Class" delako bat eskainiko du maiatzaren 11n bertan, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara, Abando-Barrainkuako udaltegian, Lluis Castells "Eva" eta, besteak beste, Alejandro Amenabarren "El orfanato" filmetako efektu berezien (eta digitalen) arduradunarekin batera.

Zine eskoletako, ikus-entzunezko eta arte ederretako ikasleei eta sektoreko profesionalei zuzenduta egongo den lan saioan, efektu bereziak dituen film baten zuzendaritza lana aztertuko da, eta efektu berezi horien sorkuntza eta kudeaketa azalduko dira. Ikastaroa dohainik izango da, baina plazak mugatuak izango dira; izen-ematea fanteskola@fantbilbao.net helbide elektronikoaren bitartez egin ahal izango da.

"FANT: I LOVE CLICKS"

Bestalde, aurreko edizioetan bezala, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak zine emanaldiekin batera izango diren zenbait jarduera antolatu ditu. Horrela, maiatzaren 2tik 15era, "FANT: I Love Clicks" erakusketa bisitatu ahal izango da. Erakusketak, fantasiazko eta beldurrezko film mitikoen 35 kartel jasoko ditu, baina kartelen protagonistak Playmobilen panpinatxo txiki ezagunak izango dira.

Erakusketa, Zazpi Kaleetan dagoen Burtsako Udaltegiaren eta FANT-eko edizio honen laguntzaile berezi diren Abando hoteleko atariaren, ART kafe tabernaren eta Domenicos jatetxearen artean banatuko da.

Bertsio horien ideia Mauro Solbes eta Aaron Mira valentziarrena da. Playmobilen klik batzuk Mairuen eta Kristauen arropez janzten hasi ziren eta, azkenean, mota guztietako pertsonaiez mozorrotu dituzte euren iloveclicks.es webgunerako. Oraingoan, "The Exorcist" laneko Karras apaiza, "E.T." edo "Matrix" filmeko Neo, plastikozko izaki artikulatu txiki bilakatuko dira.

Beste alde batetik, eta "Irudi idiliko gutxiago! Zatarkeria, beldur eta nazka gehiago!" lelopean, FANT 18k, 'AUX.' magazinerekin eta BilbaoCentro elkartearekin elkarlanean, erakusleihoen lehiaketa bat antolatu du. Lehiaketara BilbaoCentroko kide diren saltokiak aurkeztu ahal izango dira, fantasiazko edo beldurrezko apainketak erakutsiz, maiatzeko lehen hamabostaldian.

Horrela, zinemaldiaren antolakuntzak gonbidapena egin die Bilbo erdialdeko saltokiei, zinemaldi fantastikoaren jaiarekin bat egin dezaten, euren erakusleihoak ahalik eta modu bitxienean apainduz. Izen-ematea maiatzaren 2ra arte egin ahal izango da, BilbaoCentroren bitartez, atención@bilbaocentro.com helbide elektronikoaren edo 94 416 66 66 telefono zenbakiaren bidez.

Contenido patrocinado