DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 'Bidegileak' bildumaren azken lau aleak aurkeztu ditu asteazken honetan, Donostian. Joxe Arratibel, Miren Jone Azurza, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' eta Xole Erbitiren pentsaera eta lana bildu ditu liburuxketan. Argitalpen berriekin, 33 urte bete dituen proiektu amaitu da, 272 euskaltzale eta talderen ibilbideak ezagutarazita.
Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak eta aleetako egileek parte hartu dute Tabakaleran egindako aurkezpenean: Elixabete Garmendiak egin du Miren Jone Azurzaren inguruko liburuxka; Jose Luis Txipi Ormaetxeak Jose Luis Alvarez Enparantzaren ingurukoa, eta Alberto Barandiaran Xole Erbitiren ingurukoa. Joxe Arratibelen inguruko alea egin duen Miel Anjel Elustondo ezin izan da bertaratu.
'Bidegileak' bidumako aurreko liburuxka guztiak bezala, azken lanak ere lau aletako sorta batean argitaratu dira. Liburuxkak aspaldi burutu baziren ere, urte hasieran inprimatu ziren. 2.300 ale editatu dira eta, horrekin batera, aurreko liburuxka guztiak bezala, euskadi.eus webgunean jarri dira.
Alkortak 'Bidegileak' proiektuaren ekarpena nabarmendu du: "Ezin dugu ahantzi nondik gatozen, ezta nor garen ere. Eta horretarako tresna ezin hobea da 'Bidegileak' bilduma. Belaunaldi berriek horren bidez aukera izan dute euskararen bilakaeraren berri izateko".
"Gaur egun normaltzat eta betikotzat jotzen dugun euskara batua eta euskararen erabilera hezkuntzan, hedabideetan, administrazioan eta gizarteko esparru desberdinetan, herri erakundeek eta euskalgintzak 30 urteotan euskara biziberritzeko asmoz bultzatu duten hizkuntza politikaren emaitza da. Hori sakontzen eta areagotzen jarraitu beharko dugu", azaldu du.