BILBO 2 Ene. (EUROPA PRESS) -
Getxoko Udaleko Gobernu Batzordeak Algortako Juan Bautista Uribarri kalea luzatzeko obra proiektua onetsi du, Alango kalearekin bide berri baten bitartez lotzeko. Aurreikusita dago lanak urteko bigarren seihilekoan egitea, eta kostua 197.000 euro ingurukoa izango da. Lanak egingo diren eremuak 950 metro koadroko azalera dauka, galtzada bat jarriko da eta esparru osoa urbanizatuko da.
Getxoko Udalak jakinarazi duenez, bide berriaren proiektuaren arabera, bost metro zabalerako galtzada ipiniko da eta albo banatara espaloi bat egokituko da, 2,5 metro zabalerakoa. Espaloi horietako baten alboan bederatzi aparkaleku prestatuko dira, ilaran. Bide berri hau egiteko neurria bat dator egungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) exijitzen diren beharrekin.
Zirkulazioaren antolamenduari dagokionez, proiektaturiko bidea noranzko bakarrekoa izango da eta Juan Bautista Uribarritik Alangorantz doazen ibilgailuentzat zerbitzuko bidea izango da. Bi kaleen elkargunean baimenduta egongo den mugimendu bakarra eskumatara bira ematea izango da, Alango kalean sartzeko. Galtzada osoa egongo da behar bezala seinaleztatuta eta oinezkoen pasagune goratua egokituko da, baliza argidunekin.
Luzatuko den bide zatiaren urbanizazioa dela eta, lorategi bat edukiko du, baita hiri altzariak ere -paperontziak jarriko dira espaloietan zehar-. Gainera, egun dagoen argiteria publikoaren sarea luzatuko da eta bidean zehar argiak jarriko dira. Halaber, euri uren eta ur lohien sareak ipiniko dira eta argindar, gas, telefonia eta hornidura sareak luzatuko dira.